Bertso-sorta: Merkatu plazako obrak

Zeresana eman dute herritarren artean Merkatu plazako eraberritze obrek, eta izan da lanei bertsoak jarri dizkienik ere. Irakurri hemen obren inguruko bertso jarriak.

Doinua: Misiolari baten moduan

1.
Zulo, zarata ta obrik ezian
triste omen dago kalia
Zarautzen nonbait hori da bizi
geranaren seinalia
berdura plazan nola etzuten ba
utziko euren alia
baina egin nahi eta modurik
egokienak al dia?
Zenbaitek behintzat ez al du ondo
gordian umildadia.  

2.
Harategi ta arrandegiak  
danak ixtera behartu
agindua zan hiru astetan  
baietz berriz bertan sartu
garraioaren grebai tokia
Ukraniko gerrak hartu
San Ixidroak gainian eta
hor dabiltz ezin bukatu
aitzakiren bat behar duenak
beti badu non bilatu.  

3.
Nahiko zeresan sortu du lurrak
nunbaitetik hastearren
inork ba al daki merkatu plazan
edo piztinetan gauden?
Ze baldosa, ze kolore, brillo
ez irristatzeko omen
dozenerdi bat erori dira
inauguratu baino lehen
danon dirua danian batzuk
zein errez ibiltzen diren.  

4.
Alfonbra berde bat jarri zuten
inork hortzik ez uzteko
nahiz ta norbaitek pentsatu zala
mini golfean hasteko  
produkturen bat falta omen zan
lur zorura ez jausteko
entzierrotan ibiltzen dana
oin zolei ondo eusteko
makinatxo bat xelebrekeri
ez al gaude ikusteko.  

5.
Itxuraz nahiko izorratuta
ez dago baserritarra
deskantsa dezan jarri diote
aulki bat ear-earra
lehengo batian probatu nuan
ta daukat esan beharra
zutikan egon nahi dunarentzat
ez dala hain aulki txarra
ogi gogorrak beti behar du
hagina zorrotz samarra.  

6.
Ateak noiz nahi kanpotik itxi  
ta pintatzen hasten dira
inor sartzen ez ta denak zeuden
nonbait alkarri begira
juan ziran eta kale nagusiko
atia kanporantz jira
nor etorriko ta alkatia
ikusten zan urrutira
haren marmarrak helduko ziran
Zarauztikan Hernanira.  

7.
Pasatakuak pasata ezin  
egon nintzan ba isilik  
tori bertsuak daukanarentzat
belarriren bat zintzilik  
ez genuke nahi merkatu plaza
sekula ikusi hilik
zarauztarrontzat eskuragarri  
ez degu behar postalik  
denon artian manten dezagun
bizirik eta zabalik.