2022ko Literaturia

Maiatzeko azken asteburuan egingo dute Literaturia

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 13a, 14:15
Xabier Txurruka, Ainara Lasa, Itziar Iruretagoiena eta IƱigo Azkue, Literaturiaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Piztia da aurtengo jaialdirako aukeratu duten gaia, eta azokaren irekieran Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko dute. Hilaren 27tik 29ra izango da Euskal Letren Plaza herrian.

Zortzi hilabete baino ez dira igaro azken ediziotik, baina pandemia aurretik bezala, antolatzaileek udaberrira ekarri nahi izan dute berriz Literaturia, eta maiatzaren 27tik 29ra egingo dute Euskal Letren Plaza. Jaialdia aurkezteko ekitaldia egin dute gaur goizean Garoa liburu dendan, eta bertan izan dira Literaturiako kide Itziar Iruretagoiena eta Iñigo Azkue, Xabier Txurruka alkatea eta Berria hedabideko ordezkari Ainara Lasa. "Egitarau zabala, ederra eta adin guztietako jendeari zuzendutakoa" prestatu dute, guztiak Piztia gaiak barnebilduta eta Aurkitzeko, baretzeko, pizteko leloarekin.

Bi gune nagusi izango ditu Literaturiak hiru egun horietan: Lege Zaharren enparantza eta Modelo aretoa. Azken aldietan bezalaxe, karpa bat jarriko dute enparantzan, eta bertan euskal argitaletxeen liburu azokaz gain, liburu nobedadeen aurkezpenak egingo dira Ahotsenearekin elkarlanean. Guztira, genero ezberdinetako hamalau argitalpen aurkeztuko dituztela jakinarazi du Iruretagoienak, baina horien berri datozen egunetan emango dute. Azokan bertan izango dira aurkezpen gehienak, larunbat arratsaldekoak kenduta; horiek Garoa liburu dendan izango dira.

Azokaren irekierarekin batera,
Zarauzko Itxaropena argitaletxe eta inprimategia omenduko dute, euskal literaturari egindako ekarpena aitortzeko. Gerra osteko euskal liburugintzaren oinarriak jarri zituen argitaletxe bezala, bereziki Kulixka Sortaren bitartez. Askotariko lanak bildu zituzten bilduma horretan, besteak beste, Txomin Agirre, Lizardi, Emeterio Arrese eta Gabriel Aresti.

Malagonen manifestua

Urteroko eskemari jarraiki, manifestu batekin ekingo diote Literaturiari ostiralean, eta oraingoan Ana Malagon gonbidatu dute zeregin horretarako. Mikroipunak idazten aparta dela nabarmendu du Azkuek, eta, hori kontuan izanda, antolatzaileak ziur daude hasiera bikaina emango diola jaialdiari. Jarraian, Lutxo Egiak idatzitako Istanbul obra literario-musikala taularatuko dute Modelon; bertan ariko dira, besteen artean, Oier Guillan idazle eta aktorea eta Unai Pelayo Pelax musikaria.

Jaialdiko ikuskizun nabarmenen artean, ondorengo hauek daude: Pettik eta Ana Galarragak ondutako Frankenstein agurgarria gutun musikatua, Maialen Lujanbio bertsolariaren rr #5 marrak izenekoa eta Ødei Odei Barrosoren kontzertua. Barrosoren emanaldia kenduta, beste hirurak ordainduta izango dira; jaialdia osoan ordainpeko ekitaldi bakarrak izango dira, eta sarrerarekin liburuak erosteko bonuak lortuko dira. Sarrerak astelehenetik aurrera jarriko dituzte salgai internet bidez, eta egunean bertan ere erosteko aukera izango da ordubete lehenago.

Bi mahai inguru ere antolatu dituzte: bata, Berrabiaraziko dugu literatura eskolan? eta bestea, Literatura unibertsala. Ibilitakotik ibiltzekora. Horiez gain, Arantxa Iturbe irrati esatariak Eider Rodriguez idazlea elkarrizketatuko du igandean, Miren Narbaiza musikariak zuzenean jotzen duen bitartean.

Gertutasuna

"Asteburu oso batean Zarautz bihurtzea Euskal Letren Plaza, eta protagonismo hori izatea Euskal Herri osoan itzela da", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. "Literaturzaleei aukera ematen digu idazleekin, sortzaileekin eta ekoizleekin zuzenean aritzekoa, eta gertuko harreman hori sortzen da herrian. Zalantzarik gabe, hori da proiektu honen aberastasun handienetariko bat", gaineratu du. Era berean, jende oro gonbidatu du hiru egun horietan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera; izan ere, "Euskal Herrian literaturaren inguruan euskara hutsean garatzen den topaketa bakarrenetakoa da".

Jaialdiaren hedabide babeslea izango da aurten ere Berria, eta bertako ordezkari Ainara Lasaren hitzetan,  "Berriak badu ardura nahiz konpromiso bat euskal kulturaren erakusleiho eta sustatzaile izatearekin, beraz, guretzat oso lankidetza naturala da".  Azken finean, "irakur dezatela euskaraz literatura eta euskarazko hedabideak, sistema berdinaren parte direlako eta elkar elikatzen dutelako".

Erlazionatuak

Literaturia 2022ko egitaraua ikusgai

Aritz Mutiozabal 2022 mai 13 Zarautz