Napar Berri-Limoss eta Asti Pinturak izan dira txapeldun plaieroetan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 14a, 14:29
Napar Berri-Limoss taldekoak, pozez gainezka. (Amaia Urbieta Arruti)

Zazpigarrenez irabazi du gizonezko seniorren liga Asti Pinturak taldeak, oraingoan, Balearri-Astillero getariarren aurka. Estreinekoz izan da txapeldun Napar Berri-Limoss, azken ligetan garaitezina izan den Kebideki 1-0 irabazita.

Amaiera borobila eman diote gaur hondartzako 77. futbol txapelketari. Ohi bezala, ehunka lagun bildu da hondartzan txapelketaren bueltan: jokalari, antolatzaile, guraso, lagun zein entrenatzaileak bertan ziren 09:00etarako –asko baita lehenago ere–, eta txistularien erritmoan joan da talde bakoitza bere joko eremura.

Txapeldun nagusiak Asti Pinturak eta Napar Berri-Limoss izan dira, horiek irabazi baitituzte Paco Urkia liga eta Maria Jauregi liga, hurrenez hurren. 2-0eko markagailuarekin izan da garaile Asti Getariako Balearri-Astilleroren aurka, eta 0-1ekoarekin irabazi dio Napar Berri-Limossek Kebideki. Gaurkoarekin, zazpigarren aldiz irabazi du txapela Asti Pinturak taldeak, eta Napar Berri-Limoss, berriz, lehenengoz atera da txapeldun.

Asti Pinturak taldekoak, zazpigarren garaipena ospatzen. (Amaia Urbieta Arruti)

 

Beste hainbat taldek ere badute gaur zer ospatua. Katixa kafetegiak Juan Irigarai kopa irabazi du Ulacia Bidaiak taldeari 0-2 irabazita, eta Lukas Tabernak Emilio Olazabal kopa irabazi du aurten ere, Itxas Lur Taberna taldea 0-1 markagailuarekin garaituta.

Gazteagoek ere asko zuten jokoan gaur. Aste Santuan hasitako Play-Eruak txapelketako finalak jokatu dituzte, eta honako talde hauek izan dira garaile, mailaz maila: Etxerrikotarrak (mutilen DBH 1-2), Pedro Lame Bolus (mutilen DBH 3-4) eta Sorry (nesken DBH). Gaztetxoagoen mailetan, berriz, talde hauek irabazi dituzte finalak:

  • 5. mailako kimu neskak: Antoniano 5N
  • 5. mailako kimu mutilak: Antoniano 5 AM
  • 5. mailako kimu mistoak: Lardizabal 5X
  • 6. mailako kimu neskak: Zaralardi 6N
  • 6. mailako kimu mutilak: La Salle BM
  • 6. mailako kimu mistoak: Orioko 63

Antolatzaile beteranoei aitortza

Lehiaz eta festaz gain, apur bat hunkitzeko tartea ere izan du gaurko jardunaldiak. Sari banaketari ekin aurretik, 2018ra arte plaieroen antolakuntzan jardundakoei aitortza egin die egungo antolakuntza taldeak. Aurreskua egin diete, eta baita bertso bat abestu ere. Erreleboa orain urte batzuk eman zuten arren, egungo antolatzaileei laguntzeko lanetan aritu dira gaur ere.

 

Egungo antolatzaileak lehengoei aurreskua egiten. (Amaia Urbieta Arruti)