Gainditu dituzte beren buruari jarritako erronkak Jokin Eizmendik eta Imanol Royo 'Lartain'-ek

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 16a, 10:47
Eizmendik Aritza harriak hamar minuturen barruan jaso zituen. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)

Aiako probalekuan bost harri-jasotzaileren marka saiakera izan ziren atzo, guztiak arrakastatsuak. Tartean ziren bi zarauztar: Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zaildua, eta Imanol Royo Lartain gaztea.

Erronka handia zuten atzo Joseba Ostolaza Harri Eskolako harri-jasotzaileek. Igandearekin, Aiako probalekuan bildu ziren eguerdian, bost marka saiakera egiteko. Naiara Zumetak 100 kiloko errektangularra jasotzea zuen helburu; Aroa Sanchezek eta Udane Ostolazak hiru zifrako harriari heldu eta 106 kilo jasotzea; Imanol Royo Lartain-ek 185 kilo harria altxatzea; Jokin Eizmendik, Aritza harriak jasotzeko erronka zuen hamar minutuko txanda bakarrean.

Lartain harria jasotzen. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)


Harri eskolak azaldu duenez, goizetik antzeman zuten "egun berezia" zela atzokoa, eta harri-jasotzaileen "urduritasuna" nabarmena izan zen lehen ordutik, aurretik zituzten "lan handiengatik". 12:00etan eman zioten hasiera kirol probari, eta ahalegin handia egin ondoren, denek lortu zuten helburu jarritako markak egitea. Hala, saria izan du "azken hilabeteotan egindako lanak".