Xabi Bordaren poema liburuan oinarritutako errezitaldia egingo da bihar

Juan Luis Romatet 2022ko mai. 18a, 09:00

Idazle azpeitiarraren Urtu aurretik poema liburua izango du ardatz ekitaldiak, Garoa liburu dendan. 

Bordak argitaratzen duen hirugarren poema liburua da Urtu aurretik (Susa, 2022), eta hauetan oinarritutako errezitaldia ikusi eta entzuteko aukera izango da bihar Garoa liburu dendan. Borda berak irakurriko ditu poemak eta Felipe Murillok jantziko ditu musikaz.

Sinopsia

Hego haizea dabil Ipar Poloan eta mehetuz doa azken glaziarra. Minutuak kanilan behera tantaka, eta, harekin, tripaz gora arrainak, egarriz hildako dromedarioa, langabezian geratu den laguna, oporren hasiera eguna, ezusteko bisitak eta eklipse intimoak. Dena urpean geratu aurretik, gal daitekeen guztiaren esploratzaile dabil poeta.