Trenbidea lurperatzearen aldeko plataforma sortu dute hainbat herritarrek

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 19a, 13:00
Trena pasatzen ohiko trenbidetik, bigarren trenbidea alboan duela. (Aritz Mutiozabal)

Herriko zortzi zonaldetako bizilagunek egin dute bat egitasmoan, eta beste gune batzuetakoak ere gehituko dira. Saioak egingo dituzte auzoetan lurperatzeari buruzko azalpenak emateko.

Zarautz elkartu, trenbidea lurperatu lelopean, trenbidea lurperatzearen aldeko plataforma eratu berri dute hainbat herritarrek. Duela hilabete pasatxo hasi ziren egitasmoa abian jartzeko ideiarekin, trenbidearen egungo trazadura kontuan hartuta, "herritarrak jasaten ari diren arazo guztiei behin betiko irtenbidea" emateko asmoz. Hori horrela, lehen bilera deitu zuten maiatzaren 3an Mitxelenako auzo elkartean, eta joan den astean, maiatzaren 11n eginiko bigarren batzarrean gorpuztu zuten plataforma.

Herriko zortzi zonaldetako bizilagunek osatzen dute taldea, eta aurki beste zonaldetakoak ere batuko direla jakitera eman dute sustatzaileek. Izan ere, argi dute lurperatzearen gaia herri osoaren interesekoa dela. Zarauzko trenbidea lurperatzearen alde sinadura bilketa ere egin dute, eta plataformako kideek azaldu zutenez, 1.500 bizilagun baino gehiagoren babesa jaso dute. 

Aurki, herriko auzo edo zonalde bakoitzean lurperatzearen inguruko aurrekariak, egungo proiektuak eta etorkizunera begirako helburuak zabaltzen hasiko da plataforma. Era berean, bizilagunen, auzo elkarteen eta beste gizarte-eragile batzuen atxikimendua eskatuko du, "herritar gehienen babesa lortzeko".

Bien bitartean, bigarren trenbidea jartzeko lanetan ari dira ETSko langileak azken bi asteetan. Dagoeneko lanak aurreratuta daude, eta bi errailak parez pare ikus daitezke.