Arraio irratiak 16 urte bete ditu gaur

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 20a, 09:00

Arraio irratiaren urteurren eguna da gaurkoa, eta irratiko kideek ondorengo idatzia zabaldu dute, orain arteko ibilia gogoratuz eta aurrerantzean datorrenari begiratuz.

"Maiatzaren 20an Arraio irratiak 16 urte beteko ditu, bai 16 urte!

Gutako inork ez genuen espero honaino iristerik, ez eta gure uhin askeek denboran horrenbeste iraungo zutenik ere. Eta hala egin badugu zerbaitengatik izan da, alegia Arraio Irratia behar bati erantzuteko jaio zelako. Esateko asko dugu eta entzuteko gogoz zaudetelako darrai bizirik Arraiok.

16 urte betetzen ditugu, edozein urtemugak merezi du ospatzea, baina aurten ez dugu aurreko urteetako egitaraurik izango. Maiatzaren 20a irratikideon arteko momentu goxo batekin beteko dugu datorkigun erronka berriari aurre egiteko indarrak hartzeko baliatuz.

Jakina den bezala Putzuzulo gaztetxeak azken egunak bizi ditu, eta berarekin eraitsiko dute 16 urte hauetan gure egoitza nagusia izan den gela arroxa. Asko izan dira urte guzti hauetan bertatik igaro diren saioak, esatariak zein gonbidatuak, sortu diren kuñak eta jarritako abestiak ere. Eta noski, ezin ditugu ahaztu, urte hauetan gure artean egon eta gaur egun ez daudenak horiek ere, tartean arraiokideak. Kris, Atalka irratsaioan esatari, lagun, konplize izan duguna eta beste irratsaioren batean askotan gonbidatu, beti feminismoaren bandera astinduz, batzuei behintzat berarekin asko ikastea tokatu zaigu. Betirako gurekin izango zaitugu Kris.

Iraganak zerbait erakutsi badigu zera da, pertsonen ilusio eta antolaketari esker edozein egitasmo aurrera atera daitekeela. Etorkizuneko Gaztetxe berrian Arraio irratiak bere hirugarren egoitza izango du. 80ko hamarkadan Kiriki kalean, orduko ehorztetxearen ondoan kokatzen zen gure estudioa, ondoren Lizundia fabrikako komunera pasa ginen eta Putzuzulo gaztetxetik Igerain errekan behera jarraituta iritsiko gera helmuga berrira.

Azken urteak ez dira errazak izan ia inorentzat, batez ere herri mugimenduan lanean gabiltzanon eragileontzat. Hala ere ez da inolaz ere isilik geratu FMko 99.3 frekuentzia askea. Irratia gure bizitzaren parte da, baita entzule, zurea ere eta lerro hauen bidez gure entzule guztiak eskertu nahi ditugu; egunero entzuten gaituztenak, noizean behin edo kasualitatez sintonizatu gaituztenak, internet bidez jarraitzen gaituztenak... mila esker beste aldean egoteagatik! Batez ere hanka sartu dugunean horren berri emateagatik, kar kar kar! Zuek gabe ez litzateke berdina izango, ez horixe!

Hemendik gutxira izango dugun hirugarren egoitza horretan beste aurrera pausu bat egiteko asmoa dugu. Zerbait berria dator eta zu zeu ere izan zaitezke Arraio 3.0-ren parte. Zuk ere egin dezakezulako irratia. Zerbait esateko baduzu, beste inon entzuten ez den musika eskaini nahi duzulako edo hitz egitea gustatzen zaizulako, badakizu ongi etorri izango zarela. Irudika ezazu zer esan nahi duzun eta gerturatu, gure mikrofonoak irekita daude.

Arraio 3.0, ikustekoa izango da..."