EH Bildu: "Onartezina da Udaberri tabernaren zerbitzua etetea udalaren utzikeriaren ondorioz"

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 21a, 10:00
Udaberri elkartearen taberna itxita. (Aritz Mutiozabal)

Koalizioaren ustez, "helburu soziala" duen espazioa da Udaberri, eta lehiaketa
berria garaiz atera behar zuen, aldi baterako itxita utzi gabe.

Udaberri jubilatuen elkarteko taberna itxita dagoela jakitera eman du EH Bilduk, udalak "berandu" atera duelako zerbitzua esleitzeko lehiaketa. Azken bi asteetan oporrengatik itxita egon ondoren, aste honetan ez ditu ateak zabaldu. Koalizioak azaldu duenez, udalak orain jarri du abian lehiaketa, "nabarmen berandu". Pleguak argitaratu dituzte, eta ekainaren 1a bitartean dago proposamenak aurkezteko aukera.

"Taberna bat izateaz gain, helburu soziala duen espazioa da Udaberri, eta udalak lehiaketa
berria garaiz ateratzeko modua egin behar zuen, herriko adinekoentzako zerbitzu garrantzitsua
denez", nabarmendu du EH Bildu. Gainera, koalizioaren ustez, kontuan hartu behar da bertan ari ziren langileak: "12 langile, 12 familia, horrek suposatzen duen guztiarekin".

Hori horrela, koalizioak salatu du Udaberri tabernaren zerbitzu publikoa eten izana "udalaren utzikeria nabarmenaren ondorioz", eta gertatutakoa "onartezina" dela. "Zarauzko
Udala ez da garaiz ibili, ez du bere lana ondo egin, eta ondorioak Zarauzko adinekoak, bertako
langileak eta herritarrok jasan behar ditugu. Ondo antolatuz gero, bertan lanean ari diren
langileak kontuan hartuz eta adinekoen eguneroko martxa eten gabe egin zitekeen prozesu
berria. Ez zen batere zaila baina, udalak berriro huts egin du", adierazi du.