TAOko guneen aldaketa puntuala proposatu dute

Herritarrek aldaketaren inguruko ekarpenak egin ahal izango dituzte ekainaren 3a bitartean.

Duela urtebete egin zuten Zarauzko TAO sistemaren aldaketa partziala, "erabiltzaileentzat errazagoa eta intuitiboagoa izango den sistema bat" ezartze aldera. eta udalak adierazi duenez, guneen sinplifikazioak onarpena izan du herritarren artean. Orain, egindako jarraipen lana eta herritarrengandik jasotako iradokizunak kontuan hartuta, Mugikortasun departamentuak eta TAO kudeatzen duen enpresak ordenantzan ageri diren guneen aldaketa puntual baten proposamena egin dute.

Proposamenean bost aldaketa jasotzen dira, guztira.  Alde batetik, Herrikosoro kaleak azken urteetan Messileko aparkalekuak egindako lanaren erreleboa hartuko du, eta aldi baterako aparkaleku bilakatuko da. Bestetik, Lapurdi kaleko ekialdea (Mintegi kaletik) egoiliarrentzako gune bihurtuko da, eta, horrela, ibilgailuen zirkulazioa eta maniobrak murriztuko dira irteerarik gabeko kale horretan.

Bizkaia kalean, Zelai Ondo inguruan, berriz, eremu urdineko egungo plazak egoiliarrenak bilakatuko dira, eta denbora mugatuko bi plaza izango dituzte, inguruko farmaziara sartu ahal izateko. Halaber, Nafarroa kaleko aparkaleku berriak, 45. zenbakitik surtidorerainokoak, eremu urdinekoak izango dira, eta Talaimendiko behealdea, eremu urdinera aldatuko da.

Aldaketa hauen inguruan ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek ekainaren 3a bitartean  izango dute horretarako aukera, mugikortasuna@zarautz.eus helbidera idatzita. Zarauzko Udalaren Parte Hartu atalean aurki daiteke proposamenaren inguruko informazio zehatza.