Zarautz Kirol Elkarteari utziko dio udalak Udaberri Jubilatuen Elkarteko jatetxearen kudeaketa, aldi baterako

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 24a, 09:39
Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia, Mikel Agirre Udaberri Jubilatuen Elkarteko presidentea eta Irene Iribar, Eskubaloi Saileko kidea. (Zarauzko Udala)

Akordioa egin dute Udaberri Jubilatuen Elkarteak, udalak eta Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi sailak. Espazioa astelehenetik igandera zabalik mantenduko du kirol elkarteak, esleipen berria gauzatu bitartean.

Esleipen berria gauzatzen den bitartean, Zarautz Kirol Elkarteak kudeatuko ditu Udaberri Jubilatuen Elkarteko taberna eta jangela. Udalak ohar bidez azaldu duenez, trukean, espazioa astelehenetik igandera zabalik mantenduko du kirol elkarteak, eta zerbitzua eskainiko die Udaberri egoitzako erabiltzaileei.

Zerbitzuaren inguruan bilerak egin dituzte azken asteetan Eskubaloi sailak eta udalak, eta elkarren arteko hitzarmenak "ikuspuntu soziala" duela azaldu du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. "Alde batetik, Zarautz Kirol Elkarteak, lokalaren ustiapenaren bitartez, klubarentzat lagungarriak izango diren diru-sarrerak lortzeko modu alternatiboa baliatuko du eta, bestetik, Zarauzko jubilatuek lokalaren erabilpena eta taberna/jangela zerbitzua jasotzen jarraituko dute", azaldu du Aranak.

Espazioaren aurreko kontratua maiatzaren 19an amaitu zen eta, udalak jakinarazi duenez, ordutik "egin beharreko garbiketa eta mantenu lanetan" jardun dira, "hurrengo esleipendunari instalazioak baldintza egokitan uzteko". Beharrezko tramitazio eta mantenu lanak amaitu bezain laster sartuko da indarrean akordioa.

Hain zuzen ere, oposizioan dagoen EH Bilduk azken egunetan seinalatu du udalaren "utzikeriaren ondorioz" eten behar izan dela Udaberri tabernaren zerbitzua.

Lizitazio prozesua martxan

Zarautz Kirol Elkartearekin eginiko tratua aldi baterako soilik egongo da indarrean, eta martxan da aurrerantzean Udaberri Jubilatuen Elkarteko jatetxea ustiatzeko lizitazio prozesua. Esleipenak bi urteko epea izango du eta urtero luzatu ahalko da, baina ez lau urte baino gehiagoz.

Eskaintzak egiteko aukera zabalik dago ekainaren 1eko 18:00ak arte, eta elektronikoki erregistratu beharko dira, Zarauzko Udalaren web orrialdeko Kontratatzailearen Profilean. Lizitazio prozesuaren inguruko informazio gehiago eskuragatu daiteke Herritarren Arreta Zerbitzuan, 943-00 51 00 (010 Zarauztik) telefonora deituta edota haz@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita.