Ekainaren 18an hasiko da zerbitzua ematen behin-behineko tren geltokia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 25a, 08:58
Behin-behineko tren geltokiaren obrak. (Zarauzko Udala)

Uztailaren 1etik aurrera, Iñurritzako geraleku berria eraikitzeko obrak direla eta, itxi egingo dute Lapurdi eta Mitxelena kaleak lotzen dituen azpiko pasabidea, baita geralekua bera ere.

Euskal Trenbide Sareak iragarri du datorren ekainaren 18tik aurrera eskainiko duela zerbitzua behin-behineko tren geltokiak. Eraistekotan diren geltokiagandik 150 metrora egongo da, Lapurdi kaleko 11 eta 13 zenbakien parean. Behin-behineko zerbitzua martxan jartzearekin batera eraitsiko dute egungo geltokia, eta terminal berria eraikiko dute jarraian.

Bestetik, ETSk jakinarazi du Iñurritzako geraleku berria eraikitzeko obrak direla eta, itxi egingo dutela uztailaren 1etik aurrera Lapurdi eta Mitxelena kaleak lotzen dituen azpiko pasabidea, baita geralekua bera ere. Hamabi hilabetez egongo da itxita azpiko pasabidea, eta hori ordezkatzeko, "eskailera finkoak eta arrapalak dituen pasabide bat" instalatuko dutela azaldu du ETSk, "Zumaiarako noranzkoan, 100 metro ingurura". Geralekuko erabiltzaileek, berriz, behin-behineko geltoki berria erabili beharko dutela azaldu du erakundeak.