2022ko Literaturia

Hasiera ederra eman diote Literaturiari

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 28a, 14:00

Udaberrira bueltatu da Literaturia, eta on egiten dio. Erantzun ona edukitzen ari baita jaialdiaren hasierak jendearen aldetik. Atzo abiarazi zuten euskal letren plazaren edizio berria Ana Malagonen manifestuarekin, eta ondorengo Istanbul ikuskizunarekin, eta gaur azoka, liburu aurkezpenak eta hainbat ekitaldi izan dira. Esanguratsuen artean, Itxaropena argitaletxe eta inprimategiari omenaldia.

Eguerdian egin dute aitortza ekitaldia Lege Zaharren enparantzan, liburu azokarako eta aurkezpenetarako atondutako karpan, eta Literaturiako ordezkari Itziar Iruretagoienak Itxaropenak euskal literaturari eginiko ekarpenaz luze eta zabal hitz egin du.  Gainera, "zubilan" gisa definitu du frankismo osteko euskal argitaletxeak sortu bitartean egindako lanari. Jarraian, Itxaropenako arduradun Pello Unzurrunzagari oroigarria eman dio.

Unzurrunzagak pozarren agertu da, eta biziki eskertu du jaialdiaren aitortza. Aurreratu duenez, erakusketa bat antolatzen ari dira Itxaropenaren 90. urtemugaren harira, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan izango dena. Bertan, frankismo eta zentsura garaiko liburuak, dokumentuak eta azalak izango omen dira ikusgai.