Iñurritzako tren geralekuko obrak birplanteatzeko eskatu dio EH Bilduk ETSri

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 30a, 10:35
Iñurritzako geralekutik gertu, Lapurdiko bidegorrian garabi bat. (Aritz Mutiozabal)

Geltoki nagusiko eta trenbideetako obrak bukatu bitartean, geralekua irekita mantentzeko eskatu du koalizioak. Bitarte hori, era berean, trenbidea lurperatzearen inguruan lanketa egiteko baliatu behar dela iritzi dio.

EH Bilduk jakitera eman duenez, Iñurritzako tren geralekuaren lanen ondorioz urte betez itxita egongo dira geralekua bera eta azpiko pasabidea. Izan ere, "ETSkoek adierazi zutenaren arabera, aurrez egindako aztekerta geologikoetatik ondorioztatutakoa eta lanean hasi direnean ikusitakoa ez datoz bat, eta honek aldaketa eta ondorio garrantzitsuak ekarriko ditu egin beharreko lanetan". Itxita egongo den denboran, trenbide gainetik behin-behineko pasabide bat jarriko dute.

Geralekuaren obrek hainbat oztopo sortzeaz gain, geltoki nagusiko nahiz trenbideetako obrek inguruko bideetan mugikortasun zailtasunak eragin dituela azaldu du koalizioak. Hori horrela, "onena litzateke azken hauek bukatu bitartean obrak etetea eta geralekua irekita mantentzea". Gisa horretan, "lurperatzearen inguruko lanketa" egin eta horren inguruan "aurrerapausoak eman" ahal izango direla uste du, adibidez, Eusko Trenbide Sareak, udaleko alderdi politikoak eta herritarrek mahai bat osatuz.

Proiektuaren nondik norako guztia hasieratik jakin izanez gero, EH Bilduk iritzi dio Iñurritzako geralekuko obra ez litzatekeela orain planteatzen den moduan egingo. Besteak beste, behin-behineko andena eta irisgarritasun baliabide egokiagoak ezarri beharko liratekeela uste du, baita Lapurdi eta Mitxelena kaleko bidegorriak irekita egon zitezkeela ere. Horregatik, koalizioak uste du "herritarren eguneroko bizitza eramangarriago" egingo lukeela bertako obrak birplanteatzea eta momentuz gelditzea. Gainera, egoki ikusten dute Zarauzko Udalak ETSri eskaera hori luzatzea.