San Pelaio jaiak

Ostegunean hasiko dira haurren danborradako entseguak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 30a, 13:42
San Pelaio bezperako haurren danborrada, artxiboko irudian. (Hitza)

42. aldiz ospatuko da aurten, San Pelaio festen bueltan, haurren danborrada. Dagoeneko finkatu dituzte entseguetarako datak. Zinema pilotalekuan izango dira ohi bezala, 18:00etatik 18:45era.

San Pelaio egunaren bezperako haurren danborrada antolatzeko lanetan dihardu Haur Kultur Taldeak, eta dagoeneko finkatu dituzte haurrentzako entseguak. Azaldu dutenez, "haurrak festen partaide egitea eta herritar sentiaraztea" dira danborradaren helburu nagusiak, eta horregatik, seme-alabak danborradan parte hartzera anima ditzaten eskatu diete guraso zarauztarrei

Ohi bezala, LHko 3., 4., 5. eta 6. mailetako haurrek jo ahalko dute danborra.  LH 2ko haurrak desfilean soilik atera daitezke, eta horiek ez dute entsegurik egingo.

Ostegunean hasiko dituzte entseguak, Zinema pilotalekuan, 18:00etatik 18:45era. Hilaren 2an eta 6an danbor zuzendarientzako entseguak izango dira, eta lan horretan aritu nahi dutenek, bertaratu besterik ez dute. Danbor joleek eta zuzendariek, berriz, honako egunetan entseatuko dute elkarrekin: ekainaren 7, 8, 13, 14, 15, 16, 20 eta 21ean.

HKTk gaineratu du haurrek parte hartu ahal izango dutela danborradan eskolaz kanpoko ekintzaren bat dutelako entseguren batera joan ezin badute ere. Hala ere, "danborradaren mesedetan", ahalik eta jende gehien bertaratzea eskatu dute.