Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloari hasiera emango diote bihar

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 31a, 09:00
Realeko David Sanchez Carretero eta Gloria Vazquez zinegotzia. (Aritz Mutiozabal)

Cimasub zikoko film eta dokumental onenak emango dituzte hurrengo hiru asteazkenetan Modelon, dohainik. era berean, Txikizikloa egingo dute herriko ikasleekin, eta, ohi bezala, argazki erakusketa egongo da ikusgai Merkatu plazako goiko solairuan.

Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela kontuan izanda, eta ekainaren 8an Ozeanoen Nazioarteko Eguna, Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak Cimasub Zarauzko Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa antolatu du, Realeko Itsaspeko Jardueren Sailarekin elkarlanean. Hiru emanaldi eskainiko dituzte zikloaren barruan, ekaineko lehen hiru asteazkenetan, eta lehenengo bihar izango da; gainerako biak, berriz, ekainaren 8an eta 15ean.

Donostiako Cimasub lehiaketako  film labur eta dokumental onenak emango dituzte Modelo aretoan aipatu hiru saiotan banatuta. Biharko saioan, adibidez, Islas Canarias-Refugio de mantelinas, Mare Nostrum, Patagonia Azul, Underwater tours, S'Temple Bar-A la mar, Beacons of hope, La alfombra azul, Bird's Head, eta 8 dias ikus-entzunezkoak izango dira ikusgai. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira, eta doako sarrera izango dute.

Realeko Itsaspeko Jardueren Saileko arduradun David Sanchez Carreteroren esanetan, "gure helburua da itsas sakonean gertatzen den guztiaren berria ezagutaraztea". Zentzu horretan, aditzera eaman du gauza ederrak izango direla ikusgai, baita "gauza ez horren ederrak" ere. Horrexegatik, ziklo honek inplikazio bat duela itsas ekosistema nahiz biodibertsitatearekin eta haren zaintzarekin: "Oso pozik gaude herriz herri mezua helarazi eta zabaldu ahal dugulako, Zarautzen bezala".

Aurtengo zikloari Itsasoarekiko maitasunak guztiarekin ahal duenean leloa jarri diote, eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia irmo agertu da gaiaren inguruan. “Itsasoetan zabaltzen den zaborra handituz doa eta hori onartezina da. Ozeanoen kutsadura murrizteko funtsezkoa da gizartea sentsibilizatzea. Horixe da gure helburu nagusia Cimasub Zarautzen antolatzerako orduan”, nabarmendu du. Klima aldaketaren aurrean, herritarrak sentsibilizatzea ezinbesteko lana dela iritzi dio zinegotziak: "Horixe da gure helburua: itsasoen edertasuna erakutsi eta aldi berean, zaintzearen garrantziaz ohartaraztea”.

Erakusketa eta Txikizikloa

Film emanaldiez gain, Donostiako Cimasub ziklora aurkeztutako 25 argazki onenekin erakusketa zabalduko dute Merkatu plazako lehen solairuan, bihartik hasi eta hilaren 15era arte. Argazki aukeraketa honetan espezie bitxi eta deigarrienak ikusteko aukera izango da, gutxitan ikusten diren egoeretan, kalitate handiko erretratuetan jasota. Astegunetan eta larunbatetan 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta igandetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Aurten estreinakoz, Txikizikloa egingo dute. Ikastetxeekin elkarlanean, herriko gaztetxoek aukera izango dute itsasoaren edertasunaz gozatzeko eta, aldi berean, itsasoaren biodibertsitatea babesteko beharraz ohartzeko. Guztira, lehen hezkuntzako 300 ikasle inguruk parte hartuko dute ekimenean, bi txandetan banatuta.  Lehena bihar egingo dute, 10:45ean, Modelo Aretoan, eta bertan izango dira Orokieta Herri Eskolako LH 4 eta 5eko ikasleak.