Ingurumenari lotutako hainbat ekintza antolatu ditu udalak ekainerako

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 1a, 12:36
Eraztun Berde Urdineko informazio panel bat, Vista Alegre auzoan. (Hitza)

Bihar bertan hasita, ekainerako hitzaldiak, lantegiak, erakusketa nahiz bestelako ekintzak antolatu ditu udaleko Ingurumen departamenduak, herritarrek Zarautz inguruko naturguneak hobeto ezagutzeko xedearekin.

Maiatzean bezalaxe, ekainean zehar ere naturari estu lotutako hainbat ekimen antolatu ditu udaleko Ingurumen departamentuak. Ekainaren 5ean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izango da, eta Lur bakar bat lelopean, natura babesteko xedea izango duten hainbat ekimen egingo dituzte nazioartean. Helburu horrekin bat egingo du udalak ere, eta datozen egunetarako askotariko ekintzak izango dira herrian.

Hemen daude zerrendatuta izango diren hitzaldi eta bestelako ekintzak:

  • Bihar, Euskara eta natura txirikordatuz liburua ardatz hartuta, hitzaldia eskainiko dute Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Modelo aretoan, 19:00etatik aurrera.
  • Etzi, Argigrama lantegia egingo dute. Vista Alegreko basoan hostoak, adarrak eta bestelakoak bildu eta irudi magikoak sortuko dituzte. Lantegia Nagore Legarreta argazkilariak gidatuko du. 17:30ean hasiko da Torreoian. Izena emateko, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi beharko da.
  • Ekainaren 5ean, igandean, Hi selfie! argazki rallya egingo dute. ETB 1 telebista kateko Hi Selfie! programan oinarritutako argazki rallya, familian eta lagun artean egiteko modukoa, EBUko txokoak ezagutzeko. 10:00etan hasiko da, Sanz Enean. Izena emateko, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi beharko da.
  • Ekainaren 1etik 15era, Iazko EBU Eguneko argazki eta marrazki lehiaketako lanen erakusketa eta CIMASUB itsaspeko argazkilaritza erakusketa, Merkatu plazako goiko solairuan. Asteazkenetik larunbatera 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara. Sarrera librea izango da. Horrez gain, CIMASUB itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloko ikus-entzunezkoak ere eskainiko dituzte. Hemen daude irakurgai horri buruzko xehetasunak.
  • Ekainaren 10ean, ikastaroa izango da Zarauzko anfibio, narrasti, sorgin-orratz eta burruntziak ezagutzeko, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. 18:00etan, Arkamurka elkartearen egoitzan. Izena emateko, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi behar da.
  • Ekainaren 18an, anfibio, narrasti, sorgin-orratz eta burruntziak ezagutzeko irteera. 10:00etan abiatuko dira, Aldapetako igogailutik abiatuta. Izena emateko: zarautz@eraztunberdeurdina.eus.

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak ohar bidez gogorarazi du Eraztun Berde Urdinaren proiektutik Zarauzko herritarrak kontzientziatzea dutela xede "gure basoak, hezeguneak, itsasoa eta ibaiak zaintzearen garrantziaz". Horretarako onena "horiek ezagutzea" dela iritzi dio Vazquezek, "ezagutzen dena bakarrik baloratzen baita". Amaitzeko, azaldu du asko pozten direla maiatzeko jarduerek izan zuten "harrera bikainagatik", eta herritarrak animatu nahi izan ditu ekainerako prestatutakoetan parte hartzera.