Uztailaren 11n egingo dute haurren 60. arrantza lehiaketa

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 2a, 10:00

Lehiari pisua kendu eta  arrantzaren festa sustatu nahi dute antolatzaileek. Hainbat berrikuntza txertatuko dituzte aurtengoan: arrantza librerako aukera edota guraso nahiz aiton-amonen parte hartzea, esaterako.

Arkaitz Mendi elkarte gastronomikoak antolatu ohi duen haurren arrantza lehiaketa 60. aldiz egingo dute aurten, uztailaren 11n. Ohi bezala, lehorretik egin beharko dute arrantza parte hartzaile gazteek, eta moilatik Getariarako bideko hirugarren tunelera arteko tartea izango dute horretarako. Izen-ematea egunean bertan zabalduko dute, Musika Plazan, 08:00etatik 09:00etara. Ordu horretatik aurrera hasi ahal izango dira arrantzan parte hartzaileak. 

Arrantza librea sustatu nahian

60. urteurrenari hauspo apur bat emateko, "festa kutsua" eman nahi diote antolatzaileek aurtengo txapelketari. Horretarako, hainbat berrikuntza txertatuko dituzte. Izatez, bakarkako arrantza txapelketa izan ohi da urterokoa, eta gaztetxoek bakarka egin behar izaten dute arrantzan. Aurten, ordea, familia giroko arrantza sustatze aldera, heldu batekin batera egin ahalko dute arranzan. "Gurasoek edota aiton-amonek ere parte hartzeko aukera izango dute horrela", azaldu dute antolatzaileek.  

Horrez gain, arrantza librerako aukera ere eskainiko dute. Orain arte, haurrek arrantzatutako arrainak pisatu egiten ziren eta horren arabera aukeratzen zen irabazlea. Aurten, ordea, arraina arrantzatu, argazki bat atera eta atzera itsasora itzultzeko aukera emango dute antolatzaileek. Itsasoa eta bertako ekosistemak zaintzeko egindako keinua da aipatutakoa eta, momentuz, arrantza librearena hautazkoa izango da, "pixkanaka-pixkanaka hezten joateko". 

Sari banaketa eguerdi partean egingo dute, 13:00ak aldera, Musika Plazan. Antolatzaileek azpimarratu dute lehiari garrantzia kendu nahi diotela, eta arrantzaren festa izatea nahi dutela. Hori horrela, guztientzako sariak banatuko dituzte, eta mokadutxoa egiteko aukera ere izango da.