Gutuna: Zarauzko golf zelaian ez dago zaintzarik

Zarauzko hitza 2022ko eka. 7a, 09:45

Arkamurka natura-elkarteko presidente Aitor Leizak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Hitzara.

Maiatzaren 15eko datarekin, Arkamurka Natura Elkarteak idatzi bat bidali die Zarauzko Udalari, Foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, Iñurritzako Biotopoan kokatuta dagoen golf zelariaren kudeaketak eragindako kezkak helarazteko.

Idatzi horretan argitzen denez, urtebete baino gehiago pasa da Eusko Jaurlaritzak golf jarduera baimentzen zuenetik (maneiu-plan bat betez gero).

Zarauzko Arkamurka Natura Elkarteak kezka handiz hartu zuen ebazpen hori, ordura arte Iñurritzako Biotopoan gertatukoak ikusita, Arkamurka elkarteak hamaika ahalegin eta salaketa eginda ere, horko kontserbazioaren ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak entzungor egin baitu urte guzti hauetan, batez ere, azken agintaldian.

Golfak Biotopoaren natur balio garrantzitsuenak gordetzen dituen duna eremua okupatzen du bere osotasunean, eta jarduera horrek dunetako landaredia guztiz kaltetzen du.

Aipatutako ebazpenean eta, batik bat, maneiu planean aipatzen diren eginbeharrak kalte hauek gutxitzea zuten helburu, baina, egoerak duela bost/hamar urte bezala jarraitzen du, hau da golflariek nahi dutena egiten dute, inongo lotsa eta beldurrik gabe.

Horren adibide garbia da edonork egunero-egunero golf zelaian ikusten duena, kontserbazioko eremuetan gertatzen dena: ebazpenak baimentzen du golf pilota kontserbazioko eremu batera eroriz gero, golflaria bertan sartu eta pilota berreskuratzea, baina debekatzen du eremu horretara erori den pilota handik jotzea edo jokatzea.

Ebazpenak dio: Babestutako eremuetan jokatzea debekatuta egongo da; eremu horietara soilik pilotaren bila sartu ahalko da”. Etengabeko arau haustea egiten da golf zelaian. Ikustekoa da (egurrezko pasarelatik ederki ikusten da) babestutako landareak nola etengabe kolpatzen dituzten. Jokabide hori ekiditeko urtebetean ez da ezer egin.

Jokabide horren zaintza eta gainerako esku hartzeena (ureztapena, ongarri eta pestiziden erabilera eta abar), azken batean, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, noski, eta ez egitea inkunplimentu bat da. Baina badago egoerari horri lotutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren beste hutsegite bat, alegia, babestutako eremuak seinalizatzearena. Jaurlaritzako ebazpenak dio: Eremu zedarritze hori onartu ondoren, eremua modu eraginkorrean balizatu beharko da, zelaiaren hedadura osoan lursailaren izaerari buruzko zalantzarik egon ez dadin”. Urtebete pasatu da eta guk ez dugu ikusi makilatxo bat bera ere jarrita.

Idatzizko salaketa, Gipuzkoako Foru Aldundiari ez ezik, Zarauzko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari ere bidali diogu, horiek ere badutelako erantzukizuna kontu honetan; udalak, golf jarduera baimendu duena delako, eta besteak, jardueraren aldeko ebazpena emanez,  ingurumen inpaktuaren zaintzaile delako. Arkamurka elkartearen ustez, hirurek jakin behar dute zer gertatzen ari den; nahiz eta ez dugun uste ezjakintasunik dagoenik, utzikeria baizik. Urte bukaeran udalak txosten bat egingo du, gero Eusko Jaurlaritzak dena aztertuko du, eta abar, eta abar. Horren harira, Arkamurka Natura Elkarteak hasieratik eskatu zion udalari artxibategi berezi bat sor zezala, non urtean zehar sortzen ziren gureak bezalako salaketak, argazkiak edo bideoak jasoko ziren.  Urtebete pasatu da eta ez dago ezer.

Hau guztia golfaren kudeaketa arduragabearen adibide soil bat besterik ez da. Zoritxarrez, Arkamurka Natura Elkarteak aurrez susmatzen zuena ari da gertatzen. Horregatik, golf jardueraren alegazio ofizialetan Arkamurkak esan zuen argi eta garbi, golf-jarduera eta kontserbazioa bateraezinak zirela Zarauzko kasuan.