Orokieta Herri Eskolak Eskola Jasangarria ziurtagiria jaso du gaur goizean, Busturiako Ingurugelan izan den ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Ingurugelak Eskola Agenda 2030 programan nabarmentzen diren eskolak goraipatzen ditu, eta haien lanak, prozedurak eta, azken finean, eskolaren hezkuntza, partaidetza eta jasangarritasun kalitatea aitortzen duen agiria da aipatutakoa.
Orokieta izan da urte honetan agira lehen aldiz jaso duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lau eskoletako bat. Ongi etorri hitzen ondoren, lau ikastetxeetako ikasleek hartu dute hitza, eta Orokietaren kasuan, Elene Lizaso ikasleak eskolako patio berria diseinatzeko proiektua nola adostu eta gauzatu den azaldu du. Jarraian, Aitane Martija ikasleak jaso du Eskola Jasangarriaren ziurtagiria, lehendakariaren eskutik. Agiriak lau urteko iraupena izango du, 2025era arte.