Datorren asteazkenerako bilerara deitu du Trenbidea Lurperatzearen Aldeko plataformak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 9a, 10:00

Hainbat auzotako bizilagunekin bildu ostean, erdigunean bizi direnei dei egin diete datorren asteazkeneko bilerara bertaratzeko.

Trena lurperatzearen aldeko plataforma bilerak egiten ari da auzoz auzo herritarrei prozesuaren inguruko informazioa emateko. Dagoeneko Mitxelena, Vista Alegre, Itxas Mendi eta Iñurritzako auzoetako herritarrekin egin dituzte bilerak, eta datorren asteazkenean, ekainaren 15ean, Gaztelekuan egingo dute hurrengo bilera, erdiguneko herritarrekin. 18:30ean jarri dute hitzordua.

Jakinarazi dutenez, Zarauzko trenbidearen historia errepasatuko dute bileran, eta azken urteetan lurperatzearen alde emandako pausoak azalduko dituzte, baita aurrera begira plataformak eman asmo dituen pausoen berri eman ere.

Sinadura bilketa ere martxan jarri du plataformak, change.org plataformaren bidez. Albiste hau idatzi den unean 467 lagunek egin dute bat eskaerarekin.