Gutuna: 'Zarauztarroi erreparazioa zor'

Zarauzko Hitza 2022ko eka. 9a, 09:00
Zarauzko Gesto por la Paz-ek deituta elkarretaratzea, 2011n (Aritz Mutiozabal)

Iker Azpeitia Lakuntzak ondorengo gutuna helarazi du Zarauzko Hitzara, aurreko asteko Zarauzko preso ohien gutunari erantzunez.

Zarauztarrok ETAren hainbat atentatu terrorista pairatu ditugu. Bortitzena, Haizea tabernan 1980an bi paramilitarrek tabernan zeuden herritarrak metrailetaz tirokatu zituztenean. Bost herritar erail eta beste lau larri zauritu zituzten. Zarautzen eraildako lehenengo herritarra Manuel Lopez Treviño izan zen, 1975ean. Azkena, Jose Ignacio Iruretagoiena, 1998ean. Guztira, Zarautz herriarekin erlazionatutako hogei herritar inguru asasinatu ditu ETAk. Beraien artean eraildako lehen emakume polizia, Maria Jose Garcia, eta eraildako lehen bahitua, Angel Berazadi. Terrorismoak iraun dituen hamarkada luzeetan erailketa saiakera gehiago izan dira, hainbat Zarauztar zaurituz hamaika atentatuetan. Besteak beste, Gorka Landaburuk eta Leticia Iturainek eskuak eta bista galdu zituzten.

Zarauzko Guardia Zibileko kuartelaren kontra granadak jaurti zituztenean hamabi hilabeteko Borja Blanco haurtxoak buruan metraila jaso zuen eta bere amonak, Adrianak, gorputz osoan. Ehunka zarauztar ere bagara gure bizitzaren kontrako mehatxuak jaso digunak: poliziak, politikariak, kazetariak, enpresariak,... ETAren gustukoa ez zen oro jazarria izan zen gure herrian. Zenbait herritar herritik ihes egin behar izan zuten ETAren diktadura ez sufritzeko.  

ETAren koldarkeriaren aurrean ausart eta isilik elkarretaratu ginen herritar asko. Hau da, erailketak eta bahiketak gaitzesteko Bake Amets - Gesto por la Paz talde bakezalearen deialdietan parte hartzen genuen. Hori nahiz eta askotan aurrean terrorismoaren babesleak oihuka izan elkarretaratuei argazkiak ateratzen zizkieten bitartean. Herritarron tinkotasun demokratiko eta lan poliziaren eraginez 2018an ETA garaitu genuen. Baina betirako geldituko dira talde terroristak sortutako biktimen sufrimendu eta oinazeak.  

Espainiako demokrazia eta terrorismoaren biktimen eskuzabaltasunari esker libre diren ETAko 33 preso ohiek gutuna kaleratu dute Urola Kostako Hitzan. Horietako batzuk Zarautzen izandako atentatuetan parte-hartzaile zuzenak izan diren arren, ez dute sortutako sufrimendua arindu nahi izan. Horren ordez, ospakizun bat antolatu dutela iragartzen dute, paramilitarismoa ohoragarria balitz bezala. Sortu dituzten biktimen berbiktimizazioa areagotzen dute. Terrorismoa errepikatu ez dadin bera deslegitimatzea beharrezkoa da. Terrorismoan jardun zutenak, zarauztarroi erreparazioa zor digute.