Herriko ikastetxeek bat egin dute Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburu eta erronkekin

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 9a, 15:00
Hitzarmena sinatu duten ikastetxeetako ordezkariak eta Udal Gobernuko zenbait kide. (Zarauzko Udala)

Plan estrategikoaren helburu eta erronkak betetzen laguntzeko konpromisoa hartu dute ikastetxeek eta, horretarako, aliantza hitzarmena sinatu zuten atzo udalarekin. 

Udalarekin aliantza hitzarmenak sinatuta, herriko ikastetxeek bat egin dute Zarautz 2030 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburu eta erronkekin. Honako konpromiso hauek hartu dituzte La Salle ikastetxeak, Antoniano ikastetxeak, Orokieta Herri Eskolak, Oteitza Lizeo Politeknikoak, Salbatore Mitxelena Ikastolak eta Lizardi Institutuak: plan estrategikoak jasotzen dituen helburuak eta erronkak betetzen laguntzea; beren jardunarekin lerratzen diren garapen jasangarriko helburuak betetzeko urratsak egitea edota gogoeta eragitea; aliantza hitzarmena irudikatzen duen elementua ikastetxean ikusgarri jartzea; komunikazio euskarri ezberdinetan aliantzaren berri ematea; eta, azkenik, eskola komunitatean Zarautz 2030 Plan Estrategikoa azaltzen duen txostenaren formatu digitala e-postaz zabaltzea. 

"Giltzarria" da plan estrategikoaren bilakaeran sinatu berri duten hitzarmena, Xabier Txurruka alkatearen arabera. Hezkuntza eragileekin sinatutako aliantza hitzarmena "etorkizunean etorriko diren beste batzuei atea zabaltzeko baliagarria" izango dela adierazi du alkateak. “Horixe da udalaren asmoa, aurrerantzean herriko beste eragileen konpromisoa lortzea eta, bide batez, Zarautz 2030 Plan Estrategikoak jasotzen dituen helburu eta erronkak guztion artean gauzatzea”, azaldu du.