Pentsiodunen Bizikleta Martxa Zarauztik igaroko da

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 10a, 11:00

Astelehenean abiatuko da bizikleta martxa, eta Zarautzen bazkaltzeko geldialdia egingo dute lehenengo egunean. Pentsionisten aldarriak lau haizetara zabaltzea da martxaren helburua. 

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Euskal Herri osoari itzulia emango dion Bizikleta Martxa antolatu du beraien aldarriak lau haizetara zabaltzeko. Ekainaren 13an, astelehenean, abiatuko dira Donostiatik, eta toki berean bukatuko da hilaren 15ean, hamahiru etapa osatu eta lau hiriburu igaro ondoren.

Zarauztik ere igaroko da pentsiodunen protesta martxa. "Pentsio publiko duinak eta nahikoak bermatzen dituen pentsio sistema publikoa lortzea oso interesgarria da gaur egun pentsiodunak garenontzat, baita hurrengo belaunaldientzat ere", nabarmendu dute antolatzaileek. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ziur dago oihartzun eta babes sozial handiko ekintza izango dela bizikleta martxarena. Horretarako, itzuliko ibilbidearen mapa argitaratu dute, etapa bakoitzeko helmuga eta irteera izango diren herriak zehaztuz, herritarrek bat egin dezaten.

Lehen etapa, datorren astelehenean hasiko dena, Donostian hasi eta Azpeitian bukatuko da, eta Urola Kostako hainbat udalerritatik igaroko da: Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa eta Azpeitia. Eguerdian, gainera, geldialdia egingo dute Zarautzen, bazkari legea egiteko, Hurrengo egunean, hilaren 14an, Azpeititik abiatuko da bigarren etapa, eta Ondarroan bukatuko da.

Ekainaren 13ko etaparen ibilbidea 

10:00. Donostiatik irteera.
10:45. Lasarte-Oria.
11:15. Santuenean (Usurbil).
11:45.Orio.
12:15. Zarautz.
13:00. Bazkaria, Zarautzen.
16:00. Zarauztik irteera.
16:20. Getaria.
16:45. Getariatik irteera.
17:15. Zumaia.
17:45. Zumaiatik irteera.
18:15. Zestoa.
18:30. Zestoatik irteera.
19:00. Azpeitia.