'Txori kantazale' lana plazaratu du Alex Gurrutxaga idazleak, Joana Otxoa de Alaiza musikariarekin

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 10a, 12:00
Alex Gurrutxaga eta Joana Otxoa de Alaiza. (Euskadi.eus)

Pianorako piezak eta azalpen literarioak uztartzen ditu Txori kantazale proiektuak, Xabier Leteren mundu poetiko eta musikaletik abiatuta. Zarautzen aurkeztuko dute proiektua etzi, 19:00etan, Lukas ardotegian. 

Xabier Leteren obra oinarri hartuta, Txori kantazale disko liburua plazaratu dute Alex Gurrutxaga idazle zarauztarrak eta Joana Otxoa de Alaiza pianistak. Aztarna etxearekin kaleratu dute proiektua, eta herenegun eman zituzten haren inguruko azalpenak bi egileek. Leteren obraren inguruan lanean aritu da azken urteetan Gurrutxaga, eta aitortza entzutetsuak jaso ditu egindako lanagatik: 2021eko Euskadi Saria irabazi zuen Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria liburuagatik, eta aurkeztu berri duen proiektua garatzeko Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Gazte Saria jaso zuten Otxoak eta biek. 2020ko maiatzeko bideo honetan azaltzen ditu Gurrutxagak proiektuaren asmoak.

Asmo horiek forma hartu dute dagoeneko, eta kalean da disko liburua. Pianorako obrak sortu eta azalpen literarioekin osatu dute lana, Leteren mundu poetiko eta musikaletik abiatuz. Hogei piezak osatzen dute diskoa, eta bost multzotan banatu ditu Otxoa de Alaizak: Leteren musika, haren belaunaldikideena, kantu tradizionala, musika klasikoa eta pianistak berak sortutakoa. Bi helburu dituzte liburuko testuek: musika entzuten ari dena Leteren munduan gidatzea, eta, aldi berean, pistak ematea Otxoa de Alaizak egiten duen interpretazioa esplikatzeko. 

Aurkezpena Zarautzen

Disko-liburua Lukas ardotegian aurkeztuko dute etzi, igandean, eta idazleak aurreratu duenez, "lagin txiki-txiki bat" ere eskainiko dute zuzenean. 19:00etan izango da aurkezpen ekitaldia, sarrera librearekin. Manu Urbieta artista zarauztarrak egin ditu disko-liburuko ilustrazioak, eta aurkezpenera bertaratzen direnek haren obra ikusteko aukera izango dute ardotegiko hormetan.