Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Gure Eskuk askotariko ekintzak gauzatu ditu azken urteetan. Aurtengoan, baina, zerbait berezia du esku artean dinamika horrek: autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. Kataluniako zenbait eragile sozialekin elkarlanean egingo du Gure Eskuk ekintza hori: ANC eta FEEC dira sustatzaileak eta Omnium Cultural zein Artistes de la Republica laguntzaileak.
300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte; zehazki, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Espainia) artekoak. Gailur horiek, gainera, bitan bereizi dituzte: gailur berdeak izango dira batzuk, eta gailur gorriak besteak. Gailur berdeak ia herritar guztientzat dira irisgarriak; gailur gorriak, berriz, zailtasun handiagoko tontorrak dira; horietan bete da dagoeneko izen ematea.
Gailur berde bakoitzaren arabera banatu dituzte Euskal Herriko herriak, eta Urola Kostako biztanleek mendi jakin batzuetara igo beharko dute uztailaren 2an. Hain zuzen ere, eskualdeko herritarrek Lapurdiren eta Nafarroaren arteko mugan dauden hiru gailurretara igotzeko aukera izango dute: Azpeitiari, Errezili eta Beizamari Larhun (905 metro) egokitu zaie; Zumaiari, Zestoari, Azkoitiari eta Aizarnazabali Manddale (574 metro); eta Zarautzi, Aiari eta Oriori Xoldoko Gaina (360 metro).
Azpeitiko Gure Eskuk, gainera, hainbat ekintza antolatu du uztailaren 2ra begira, motorrak berotzeko. Asteburuan, esaterako, herriko kioskoa argiztatuko dute. Ostiraletik igandera egingo dute hori, iluntzean; margotzeko txokoa ere prestatuko dute haurrentzat ostiralean, kioskoan, 18:00etatik 20:00etara.
Zarautzen talderik ez, baina Orion autobusa
Zarautzen ez dute Gure Eskuren talderik osatu, baina ondoko herrian bai. Orioko Gure Eskuren taldea Pirinioetako Bidea prestatzeko antolaketa lanetan murgilduta dabil.
Zarautzi bezala, Oriori Xoldoko Gaina mendia argiztatzea egokitu zaio. Asmoa da uztailaren 2an 18:00 aldera ateratzea Oriotik, autobusez. Garraio hori finantzatzeko, ekainaren 19an plazan mahaia jarriko dute itsaskiz osatutako otarrea zozketatzeko eta informazioa zabaltzeko.
Urola Kostako herri guztietan ez dira eratu Gure Eskuren taldeak, baina edozein herritako biztanleek dute egitasmoan parte hartzeko aukera, viapirinenca.cat helbidean izena emanda.