Hotz Zarautzek 4.000 euro bideratu ditu errefuxiatu ukrainarrei laguntzera

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 11a, 09:00
Martxoan Ukrainarako material bilketa egin zuen Hotz Zarautzek.

Errefuxiatuei laguntzeko ekimenak antolatzen dituen Hotz Zarautz taldeak jakinarazi du zarauztarrek egindako dohaintzekin bildutako 4.000 euro bideratu ahal izan dituztela Poloniako Caritasen egoitzara eta Katowice eta Rybnikeko Silestar Mintegi Nagusira, bertan dauden milaka errefuxiatu ukrainarrei janaria banatzeko. 

Katowiceko ordezkari bat Zarautzen izan zen atzo, eta laguntzagatik eskerrak emateaz gain, beren jardunaz azalpenak eman zituen. Haren arabera, gaur egun Ukrainako 3 milioi errefuxiatu baino gehiago daude Polonian, horietako 100.000 baino gehiago Katovicen. Pertsona horiei guztiei lagundu dieten Euskal Herriko eta Espainiako txokoetako herritarren eta elkarteen izenak aipatu zituen haiei eskerrak emateko, tartean, baita Hotz Zarautz ere.

Orain, laguntza "epe luzerako" emateko garaia hasi dela aipatu zuen. Orain arte oinarrizko beharrak asetzeaz gain, laguntza "psikologiko eta espirituala" ere eman diete errefuxiatuei, eta Caritaseko ordezkariak azaldu zuenez, Silesiako Unibertsitatean, teologia fakultatean, errefuxiatuei laguntza psikologiko profesionala eskaintzeko zentro bat egokitu berri dute. Jakinarazi zuenez, tailerrak antolatzen dituzte terapia psikologikoa eskaintzeko, gerrako biktimentzat.