Hariak estrategiaren bueltako ekitaldiak izango dira Zarautzen asteartean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 12a, 10:00

Nahi gabeko bakardadeak prebenitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik abian jarri duten kanpaina da Hariak, eta hobeto ezagutzeko aukera izango da Zarautzen asteartean.

Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Agenda Gipuzkoa 2020-2030en barruan, nahi gabeko bakardadeak prebenitzeko Hariak estrategia jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik.

Horren harira, etzi, asteartean, adin guztietako herritarrei bideratutako hainbat ekitaldi izango dira Zarautzen, Musika Plazan eta Modelo aretoan. 16:30ean, "estrategiari atxikitzeko dekalogoa" jasotzen duten hamar banku ipiniko dituzte Musika Plazan, eta dekalogo horren inguruan egingo diren belaunaldien arteko elkarrizketetan eta Hilorama jardueretan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Leku berean, 18:00etan, musikari batek bakardadea simulatzeko hainbat pieza interpretatuko ditu arpaz, ondoren Modelon egingo den ekitaldiaren sarrera gisa. 19:00etan, Hariak estrategia zer den azaltzeko ekitaldia izango da Modelon. Bertan azalduko dute zein den estrategiaren funtsa, "adin guztietako pertsonen nahi gabeko bakardadeei erantzuna emango dien bizikidetza hariak ehuntzen jarraitu ahal izateko". 

Aldundiak gaian interesa duten herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Aurrez izena eman beharko da ekitaldiak@adinberri.eus helbidera mezua bidalita, 943-41 53 89 telefono zenbakira deituta edota hariak.adinberri.eus  web orrian.