Azken txanpan da Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren inguruko parte hartze prozesua. Orain arte jasotako ideiak kontuan hartuta, ekintza planaren proposamena osatu du udalak, eta, orain, azken urratsa egin eta behin betiko onartzea falta da. Horretarako, hiru bilera egingo ditu: bata, maila politikoan; bigarrena, teknikoan; eta hirugarrena, herri mailan.
Ekintza plana herritarrekin partekatzeko eta haien ekarpenak jasotzeko bilera datorren ostegunean egingo du, ekainaren 16an, 18:30ean hasita, HAZ bulegoan. Bilera horretan, orain arteko landutako ekintza plana aurkeztuko zaie bertaratzen direnei, eta garrantziaren arabera, lehentasunak identifikatzeko eskatuko zaie parte hartzaileei. Ondoren, ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Bilera saioekin amaitzen dutenean, udalak behin betiko ekintza plana aurkeztuko du. Ongi bidean, hilabetea bukatu aurretik guztiz definituta izatea aurreikusten du.