Abian da Lege Proiektuaren aurkako pentsionisten bizikleta martxa

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 13a, 14:15

Zarautzen herriko pentsiodunek egin dute ibilbidea bizikletarekin, eragozpen bat tarteko, Bizikleta Martxakoak berandu zetozelako.

Euskal Herri osoari itzulia emango dion Bizikleta Martxari ekin dio gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektuaren kontra protesta egiteko. Donostiatik abiatu da eta hilaren 15ean bukatuko da, hamahiru etapa osatu eta lau hiriburu igaro ondoren. Gaurkoa, lehenengo etapa, Azpeitian bukatuko da, eta Urola Kosta zeharkatzen ari da. Zarautzera, aldiz, berandu iritsi dira Aginaga aldean furgonetak matxuraren bat izan duelako.

Hori horrela, 12:15 pasatxo zirela, bizikleta martxa herrira helduko zela iragarrita zegoen orduan, Zarauzko pentsiodunek bere kabuz egin dute bizikleta protesta, Eguzki Izar ondoko biribilgunetik abiatuta. Herriko hainbat kale zeharkatu eta beraien aldarriak zabaldu ondoren, Lege Zaharren enparantzan amaitu dute ibilbidea. Bertan, astelehenetako pentsiodunen manifestazioko kideekin egin dute bat.

Bizikleta martxa ofizialeko kideak Txiki Polit jatetxean izango dute bazkari legea, eta 16:00ak aldean dute irteera Getaria aldera. Ondoren , Zumaiatik eta Zestoatik igaroko dira, Azpeitian helmugaratzeko 19:00 aldera. Bihar, Azpeitik irten eta Ondarrun amaituko da bigarren etapa.

Lege Proiektuari "ezezkoa"

Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektua ekainaren 9an onartu zuten Espainiako Kongresuan, PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos eta EAJren aldeko botoekin. PP, VOX, ERC, BNG, Compromis, Mas Pais eta CUpek kontra bozkatu zuen, eta EH Bildu eta Coalicion Canaria abstenitu egin ziren. Eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak argi du "ezezkoa" bozkatu behar zela.

"Errenten itun batekin metxatzen gaituzten egungo testuinguru honetan, aurreko erreformetako pentsioen murrizketa gehienak betikotzen dira eta murrizketa berriak iragartzen", nabarmendu du mugimenduak "Pentsio planak diru publikoarekin bultzatzeak helburu bakarra izan dezake: banaketa pentsioen sistema publikoa kapitalizazio sistema bihurtzea, finantza erakunde kudeatzaileen eta gordailuzainen onurarako".

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lege proiektuari uko egin dio uneoro, eta Espainiako Gobernuari exijitu dio tramitazio parlamentarioa bertan behera uztea bozketa egunera arte. Era berean, Unidas Podemos, EAJ eta EH Bildu alderdiei ezekoa bozkatzeko eskatu zieten gutun bidez, baina "ez dugu arrakastarik izan".

Pentsio Sistema Publikoaren pribatizazioaren aurkako borrokarekin jarraituko dutela aldarrikatu du, baita pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta bahikoak bermatzeko borrokarekin ere. "Duela lau urte baino gehiagotik egin dugun bezala jarraituko dugu gure helburuak lortu arte", zehaztu du pentsionisten mugimenduak.