Barakaldoko hilketa matxista salatu du Zarauzko Bilgune Feministak

Maria Maya Manterola 2022ko eka. 14a, 11:00

Apirilan zendu zen andrea, baina joan den astean atxilotu zuten haren semea, ama hiltzea leporatuta. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egindako gaitzespenarekin bat egin du Zarauzko Bilgune Feministak. 

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak eta Zarauzko Bilgune Feministak Barakaldon gertatutako hilketa matxista salatu dute. Barakaldon apirilan zendu zen 90 urteko emakumezkoa. Gizonak ospitalera eraman zuen ama eroriko bat izan zuela esanaz, baina erorikoarekin bat ez zetozen zauriak atzeman zituzten adituek. Joan den astean atxilotu zuen, hilketa leporatuta. 

Gertaerak salatzeko kaleratutako oharraren arabera, "egitura patriarkala" agerian utzi du gertakariak. Gainera, gizonak hilketa ezkutatu izana ere salatu dute, eta baita lesioen ondorioz emakumezkoak behar zuen arreta medikua jaso ez izana ere. 

Era berean, gogorarazi dute emakumeen aurkako indarkeria matxistaren erabilera dela gizon askok emakumeen aurka darabilten arma, baita familia barruan gertatutako kasuetan ere. "Emakumeok* lehen eskutik dakigu zein arrisku dagoen etxe barruan eta gure bizitzetako espazio pribatuan. Eta mugimendu feministatik kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula", gaineratu dute. 

Erantzukizun kolektiboak galdegin dizkiete bai erakundeei eta baita administrazio publikoei ere; batez ere, bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten zerbitzuei dagokienez.