Greba mugagabean daude autobideen mantenuko hainbat langile

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 14a, 12:00
Bidesariaren parean jartzen dira grebalariak. (Amaia Urbieta Arruti)

"Legearen barruan ere prekarizatu daiteke sistema guztia, eta hori da erabiltzen duten tranpa", azaldu du langileen delegatu Juan Anonio Alvarezek. Bidelanek kontratatutako ABEE bateko langileak dira, eta Bidelanekoen baldintza berberak aldarrikatzen dituzte.

Maiatzaren 1az geroztik, greba mugagabean daude autobideen mantenuaz arduratzen diren Bidelanek azpikontratatutako ABEE Aldi Baterako Enpresa Elkarte bateko langileak. AP-8aren Zarauzko sarrera-irteeran –Donostiarako norabidean– egon ohi dira goizez, Bidegiren bulegoen alboan, zarataka, protestan.

Bidelaneko langileen baldintza berdinak aldarrikatzen dituzte. "Bidegik Bidelani ematen dio kontratua, eta Bidelanek azpikontratatzen du ABEE bat", azaldu du prozedura Juan Antonio Alvarez langileen delegatuak. Gaineratu du Bidelaneko nagusia aldi berean beraiek kontratupean dauzkan ABEEko nagusia ere badela, eta haren kudeaketaren ondorioz, baldintza kaxkarragoetan dabiltzala beraiek lanean.

Negoziazio mahaian eseri dira, baina egin dieten azken eskaintza izan da soldata osagarriaren %2ko igoera; hau da, "osagarriaren igoera, ez oinarrizko soldatarena". Kalkuluak aterata, urtean 36 euro gehiago kobratzea ateratzen zitzaien langileei, Alvarezek jakinarazi duenez. 

Beraien erreklamazio nagusia da lizitazioak dakarrena betetzea. "Bidelaneko langile izango bagina bezala tratatzen gaituzte, eta mantenuan egiten dugu lan, behar-beharrezkoa da gure lana. Gure baldintzak, ordea, oso bestelakoak dira".

Alvarezek dioenez, hainbat hutsune daude lizitazioaren eta lanean ari diren baldintzen artean. Azaldu du, esaterako, 22 langile direla, eta, izatez, horietatik 11k behar luketela izan lehen mailako ofizialak eta gainontzeko 11k laguntzaileak. Bada, egun, bi langile soilik dira lehen mailako ofizialak, delegatuaren arabera. "Handik eta hemendik aurrezten" dabiltzala dio.

Lan harremanen kontseilua dute bihar, eta aurrerantzean, salaketekin hasiko dira. Gauzak aldatuko direnaren esperantza badutela dio Alvarazek: "Horixe da geratzen zaiguna, ez dugu borrokan jarraitzea beste aukerarik". Langileei esaten diete lizitazioaren %30a azpikontratatua izan daitekeela legearen arabera. "Guk esaten genien baietz, hori legezkoa dela, baina %0 azpikontratatua izatea ere posible da. Legearen barruan ere prekarizatu daiteke sistema guztia, eta hori da erabiltzen duten tranpa", gaineratu du Alvarezek.