EH Bildu: "Herritarren mugimenduak emaitzak eman ditu Ebro Etxea babesteko orduan"

Ebro Etxea.

Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultur ondasun izendatu zuen maiatzaren bukaeran. Koalizioak azaldu du Xabier Txurruka alkateak hori geldiarazteko alegazioak aurkeztu zituela, eta orain, Udal Gobernuak ez duela ebazpenaren berri zabaldu.

Zarauzko EH Bilduk jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoria duen babes ertaineko kultura ondasun izendatu duela Ebro Etxea, nahiz eta Udal Gobernuak "Zarauzko Ondare Kulturalaren Katalogotik ateratzeko ahalegina" egin duen azken urteotan. "Honenbestez, Ebro Etxeari kultur ondare babesa kentzeko eta eskuak libre izateko alkatearen asmoak ez du, zorionez, aurrera egin", gaineratu du koalizioak.

EAJren udal taldeak eraikina Zarauzko Ondare Kulturalaren Katalogotik ateratzeko espedientea abiarazi zuen 2020ko urrian, eta EH Bilduren ustez, erabaki hori argitu ez izanak "errezeloak" sortu zituen herritar askoren artean. Herritarren eta elkarteen erreakzioa berehalakoa izan zela gogora ekarri du. Izan ere, 21 alegazio idatzi aurkeztu zitzaizkion espedienteari, denak proposamenaren aurkakoak. Eraikina katalogoan mantentzearen aldeko sinadura bilketa ere abiatu zen, eta 1.151 lagunek egin zuten bat. Ekimen horiei esker, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen zuzendaritzak Ebro Etxea babes ertaineko kultura ondasun deklaratzeko prozesuari ekitea erabaki zuen.

"Xabier Txurruka alkateak alegazio baten bitartez espediente hori geldiarazteko saiakera egin zuen, baina Eusko Jaurlaritzak, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak egindako Txosten teknikoak esandakoa aintzat hartuta, ezetsi egin du alkatearen alegazioa. Ebazpen honen bidez, gainera, Euskal Kultur Ondareko Zuzendaritzak igo egin du Ebro Etxearen babes maila, Zarauzko Katalogotik ateratzeko baimena ez emateaz gain, Eusko Jaurlaritzaren beraren katalogoan sartzea erabaki baitu", kontatu du EH Bilduk. Ebazpena maiatzaren 24an atera zuten, eta bi hilabeteko epea dago orain helegiteak aurkezteko.

Zarauzko EH Bilduk azpimarratu du "herritarren mugimenduak, oraingoan ere, emaitzak eman" dituela. Zentzu horretan, poza adierazi dute, "alkateak eta Udal Gobernuak ez dutelako lortu Ebro Etxeari lege babesa kentzea" eta aurrerantzean ere Ebro Etxeak "herritarron kultur ondare izaten" jarraituko duelako.

"Isiltasuna eta gardentasun falta"

Albistearen aurrean, Udal Gobernuaren "isiltasuna eta gardentasun falta" ere salatu nahi ditu koalizioak. "Ebazpena atera zenetik bi aste baino gehiago igaro dira, eta Zarauzko Udalak oraindik ez die herritarrei horren berririk eman, ez bere webgunean ezta beste inon ere. Harrigarria egiten zaigu hainbeste zarauztar kezkatu zituen gaiari buruzko berri garrantzitsu honen informaziorik zabaldu ez izana", leporatu dio. Horregatik, herritarrak "informatuak izateko eskubidea" aldarrikatu du EH Bilduk, "ez bakarrik Udal Gobernuaren gustukoak diren albisteen kasuetan, herritarren interesekoak izan daitezkeen guztietan baizik".

Bestalde, Udal Gobernuaren "kultur ondare katalogotik ateratzeko saiakera alferrikakoak" kontuan hartzeko kostua suposatu diola herriari nabarmendu du koalizioak. Hain zuzen ere, Ebro Etxearen inguruan txosten bana egiteko eskatu zitzaien udaletik kanpoko bi arkitektori. "Txosten hauetan esandakoak ez dira kontuan hartu, ez dute ezertarako balio izan, baina zarauztarrok ordaindutako faktura ez da txikia izan, bi txostenengandik 14.830 euro ordaindu behar izan baitira", azaldu du EH Bilduk.