"Bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu"

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 15a, 09:00

Nahi gabeko bakardadeak prebenitzeko Hariak estrategia aurkeztu zuten atzo arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik, Modelo aretoan. Aurretik, adin guztietako herritarrei bideratutako hainbat jarduera egin zituzten Musika Plazan.

Azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatuarekin lankidetzan egindako parte hartze prozesuaren emaitza da Hariak, eta Gipuzkoa osorako ibilbide orri bat ezarri nahi du, bakardadearen fenomenoari heltzeko. Hori guztia aurkezteko, eta, batik bat, estrategiaren nondik norakoak azaltzeko ekitaldia egin zuten, eta bertan parte hartu zuten Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña, Adinberriko zuzendari Rakel San Sebastianek eta Zarauzko alkateorde eta Gizarte Politikako zinegotzi Jesus Aranak. Aurkezpenarekin hasi baino lehen, ordea, agerraldia egin zuten komunikabideen aurrean.

“Gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da Hariak, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu”, azaldu zuen Maite Peña diputatuak. Gainera, hiru helburu dituela zehaztu zuen: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. “Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna”, gaineratu zuen.

Aipatu estrategia adineko pertsonengan eta zahartze-prozesuetan ardazten bada ere, ez du modu esklusiboan jokatzen. Bakardadearen hiru dimentsiotan –sozialean, emozionalean eta existentzialean– esku hartzeko sortu dute, eta bakardade egoerei, bakardadearen aurreko kalteberatasun egoerei eta harreman bazterketako egoerei aurre egiteko jarduerak aurreikusten ditu.

Zarautzen badela Adinekoen mahai gogora ekarri zuen Jesus Aranak, eta bakardadea maiz hizpide izaten duten gaia izaten duten gaia dela azpimarratu zuen. Beraz, bere esanetan: "Oso prozesu garrantzitsu eta interesgarria izan da Harik-ena. Prozesu parte hartzailea izan da, eta zarauztarrok ere parte hartu dugu, bai udalak bai adineko zenbait elkartek. Handik irten duten hainbat proposamen eta hausnarketek izango dira, era berean, Zarautzen giltzarri, etorkizunean garatu nahi ditugun proiektuak aurrera ateratzeko".

Bakardadea gaur egungo gizartean dagoen fenomeno bat dela berretsi zuen Gizarte Politikako zinegotziak, eta "komunitatetik nahiz pertsonetatik" aurre egin behar zaiola adierazi du. "Beraz, herritar eta erakunde guztiak gonbidatu nahi ditut bakardadearen aurrean jarrera pertsonala zein elkarte jarrera hartzera".