"Ez gaude prest joko zikinaren parte izateko, eta arduraz jokatu nahi dugu"

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 17a, 08:50
Atzo arratsaldeko agerraldi masiboa, Musika Plazan. (utzitakoa)

Bihar ospatzekoa zen Presorik Gabeko Eguna bertan behera utzi dute antolatzaileek, hainbat hedabidek nahiz alderdik erakutsi duten "jarrera kriminalizatzailea" salatuz.

Antolatzaileek bertan behera laga dute bihar egitekoak ziren Presorik Gabeko Eguna, eta arrazoiak emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, "egun osoko ekimenaren gainean hainbat hedabidek, gezurra eta manipulazioa oinarri, sortu duten giro kutsakorra salatu eta euren jokoan sartzeko inolako gogorik ez dugula adierazteko".

Zarautz izaera politikodun preso eta iheslaririk gabe geratu dela eta, egun osoko egitaraua zuten antolatuta larunbaterako, presoen eskubideen eta etxeratze prozesuaren defentsan lanean aritu diren pertsonak elkartu, egindako lana eskertu eta oraindik ere espetxean dauden euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika salatzeko  asmoz. 

"Zarautzen 1978. urteaz geroztik beti egon da herritarren bat preso eta 44 urteren ostean, espetxeak eta, bereziki, salbuespenezko espetxe politikak sortzen duen saminari amaiera eman izana guztiontzako onuragarria dela deritzogu". Sufrimendu mota horrek bereziki senideak zigortu dituela eta "urte gehiegiz" luzatu dela nabarmendu zuten. Zentzu horretan,  antolatzaileek argi dute "herri gisa aurrera egin eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitzaren baitan urratsak egin nahi izanez gero, sufrimendu ororekin amaitzea ezinbestekoa dela".

Horrenbestez, ulergaitza deritzote «honen aurrean» hainbat hedabidek, hala nola alderdi, elkarte edota pertsonak azken egunetan erakutsi duten "jarrera kriminalizatzailea". Haien esanetan, "manipulazioa medio, giroa nahasi, eta pozez eta giro onean aurrera eraman nahi genuen egun hau, konfrontazio eta tentsio egoeran bizitzera eraman nahi izan dute. Eta ez, ez gaude prest joko zikin horren parte izateko".
Euskal presoen gerturatzea eta euskal herriratzea gauzatzen hasi denetik hainbat hedabidek, alderdi politikok eta elkartek "beren makinaria martxan" jarri dutela salatu dute antolatzaileek, "herri hau iraganeko egoerara itzuli dadin, jarrera faxista eta inkisidoreekin, bide hau oztopatzeko ahaleginak eginez". 


"Mehatxurik gabe"

Etapa berri bati ateak zabaldu, sufrimendu guztiekin amaitu, bizipen eta sentipen aniztasuna aitortu eta elkarbizitza gauza dadin urratsak egiten ari direla zehaztu zuten, baina bitartean, "batzuk gatazka amaigabe eta mendeku zein gorroto egoera iraunkor batean korapilatuak jarrai dezagun nahi dute". Argi utzi zuten aurrera egin nahi dutela, "bakoitzak dagokion bidea eginez, oztopo eta mehatxurik gabe".

Zarautzen preso zein errefuxiatu politikorik ez izatea pozgarritzat jo dute, eta giro horrekin, oraindik ere salbuespenezko espetxe politika baten pean dauden gainontzeko 184 euskal presoen etxeratze prozesua aldarrikatuz ospatu nahi zuten biharko eguna. "Jasandako konfrontazioa eta kriminalizazio saiakera honen ostean, ordea, hori jada ez da posible izango". Ondorioz, biharko antolatuta zeuden mobilizazioak bertan behera lagatzea erabaki dute, eta horrek "atsekabea eta haserrea" sortu die. "Baina ez dugu haien jokoaren parte izan nahi. Haiek ez bezala, guk arduraz jokatu nahi dugu". 

Era berean, herritarrei gaurko elkarretaratzean parte hartzeko deialdi berezia luzatu zieten, larunbatean aldarrikatu nahi zena helarazteko; ostiralero bezala, 19:45ean izango da, Lege Zaharren enparantzan.