San Pelaio jaiak

Bueltan dira sanpelaioak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 17a, 10:00
2022ko sanpelaioetako aurkezpena. (Mireia Galarza Bastida)

Ohiko egitarau oparoa izango da aurtengo San Pelaio festetan. Arantza Laskibar Agirresarobe gonbidatu du udalak bandera igotzera eta txupinazoa botatzera eta, San Pelaio Makila, berriz, Zurekin Ostalari Elkarteari emango diote.

Bi urteren ostean, bueltan dira San Pelaio jaiak. Ekainaren 25etik hasita, kalera aterako dira zarauztarrak herriko jaiez gozatzera, eta udalak atzo aurkeztu zuen hainbat eragilerekin elkarlanean osatutako egitaraua.

"Azken bi urteetan ezin izan ditugu nahi bezala ospatu zarauztarrok hainbeste maite ditugun festa herrikoi kutunak. Aurten, bai! Irrikaz gaude kuadrillako blusa jantzi eta plazara irteteko, festarekin gozatzera", adierazi du aurkezpenean Xabier Txurruka alkateak. "Aurtengo sanpelaioak bereziak izango direlakoan, ekitaldiz betetako egitarau ederra prestatu dugu. Denetarik eta denontzat gozagarri".

Omenduak

Ohi bezala, haurren danborradako txupinazo eta suziriek emango diote hasiera festa giroari, eta "pozez eta ekitaldiz beteriko" lau egunez gozatuko dute zarauztarrek.

Larunbat gaueko helduen danborradan, urte luzez Haurren Agerraldiko ahotsa izan den Arantza Laskibar Agirresarobe herritarra gonbidatu dute San Pelaio gauerdian Zarauzko bandera igotzera, hartara, "urtero-urtero festa posible egiteko jartzen duen aletxoa eskertzeko", jakinarazi du alkateak. San Pelaio Makila, berriz, Zurekin Ostalari Elkarteari eskainiko diote, "haien laguntza eta babesa eskertzeko".

Festak antolatzen aritu diren gainontzeko eragileei eskerrak eman dizkie alkateak prentsaurrekoan, lankidetzagatik.

Festak giro jatorrean ospatzeko deia

Prebentzioak bere txokoa izango du sanpelaioetan. Hain zuzen, bi gune egongo dira drogen eta alkoholaren inguruko lanketa egiteko. Larunbat gauean, San Pelaio bezperan, Drogen Informazio eta Analisi Zerbitzua izango da Munoan. Igandean, aldiz, Alkoholemia Proben karpa jarriko dute malekoian. Horrez gain, eraso sexistarik gabeko jaietako puntua ere izango da larunbatean malekoian. "Sanpelaioak giro jator eta alaian bizi eta ospatzea opa dizuet denoi. Egunez nahiz gauez, jaietan, edonoiz eta edonon, errespetuz jokatu. Ez dugu inolako jazarpenik edo erasorik onartzen gure herrian” azpimarratu du alkateak.

Erlazionatuak

San Pelaio jaietako egitaraua

Amaia Urbieta Arruti 2022 eka 17 Zarautz