Iritako hezegunea txertatu dute udako bisita gidatuetan

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 20a, 09:00

Iñurritzako Biotopora eta Zingira basora irteera gidatuak egiteaz gain, aurten Hezeguneak: Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutuak ere eskainiko ditu udalak udako hilabeteetan.

Beste urte batez, udalak Eraztun Berde Urdinaren inguruan bisita gidatuak antolatuko ditu uztailean, abuztuan eta irailaren hasieran; Iñurritzako Biotopo Babestua eta Zingirako arkamurka basoa bertatik bertara ezagutzeko, hain zuzen ere. Aurten, berritasun bezala, ibilbide gidatu berri bat txertatu dute eskaintzan: Hezeguneak: Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutuak izena jarri diote, eta Irita-Astiko hezeguneak eta Buztinzuriko haltzadia lotzen ditu.

Haltzadia herriko erdigunetik gertu dagoen "Eraztun Berde Urdinaren altxor ezkutua" dela nabarmendu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak: "Buztinzuri errekari eta Abendaño errekari lotuta dago eta garrantzi handiko habitata da”.

Iñurritzako Biotopo Babestuarekin batera, Irita eta Astiko hezeguneek oso kontuan hartu beharreko  multzo ekologikoa osatzen dutela gogoratu du zinegotziak: "Hezegune hauetan egindako azterlan ezberdinek egun babestu gabe dauden bi eremu hauen balioa erakutsi dute: bai biodibertsitateari dagokionez -izan ere, eta babestuta dauden habitat eta espezie ugari agertzen dira-; eta bestetik, inguruko eremu hiritartuen uholde-arriskua murrizteagatik”.  

Bisita gidatuak doan izango dira, eta bi hizkuntzatan banatuta eskainiko dituzte: euskarazko talde bat eta gaztelaniazko beste bat aterako aldi berean. Uztaileko eta abuztuko ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan izango dira eta gutxi gorabera bi ordu eta erdiko iraupena dute. Bisitetan parte hartu nahi dutenek aurrez erreserba egin beharko dute Turismo Bulegoan.