Txartelarekin deskontu sariak

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 21a, 09:30
Zurekin eta Murkil elkarteetako ordezkariak, atzoko aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteko establezimenduetan Murkil txartelarekin ordainduz gero, 10 euroko deskontuak tokatu dakieke bezeroei. Kanpaina uztailetik abendura izango da. 

Murkil txartela ostalaritzara iritsi da. Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak kanpaina berria jarriko du abian uztailetik aurrera, Murkil Zarauzko merkatarien elkartearekin elkarlanean. Horrenbestez, aurrerantzean Murkil txartelarekin Zurekin ostalaritzako establezimenduetan ordainduz gero, sariak eta deskontuak lortzeko aukera izango dute bezeroek.

Une honetan, gero eta jende gehiagok ordaintzen du txartelarekin, eta ostalariek errealitate horretara egokitu nahi dute. Gainera, oso kontuan dute 2.500 herritarrek dutela Murkil txartela. "Uste dugu bezeroei ordaintzeko erraztasunak ematea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko landu beharreko ildoetako bat dela. Aldi berean, saritu egin nahi ditugu Zarauztarrak eta gure bezero leialenak, sariak eta deskontuak eskainiz", nabarmendu du esan du Zurekin elkarteko lehendakari Martin Argiñanok.

Hala, uztailetik abendura bitartean, hamar euroko ezusteko deskontuak egingo dituzte kanpainari atxikitako ostalaritza establezimenduetan txartelarekin ordaintzerakoan; hau da, ordaintzean datafonoaren tiketean saria tokatuz gero, diru txartelean sartuko zaio zuzenean bezeroari hilaren amaieran. Ondorengo hamar taberna edota jatetxek hartuko dute parte: Kirkilla, Itsas Lur, Olatugain, Tivoli, BAI Batzokia, Gure Txokoa, LaBaka, Naparrak, Karlos Arguiñano eta Salegi.

Murkil txartela edukitzea oso erraza dela azpimarratu dute. Rural Kutxara jo eta eskatu besterik ez da egin behar; prozesuan ez da kontu berri bat sortu behar ere. Txartela nahi den kontura lotu daiteke, edozein banketxetakoa izanik ere. Une horretatik aurrera, dendarien elkarteak eta ostalarien elkarteak abian jartzen dituzten deskontu eta sustapen guztiez gozatzeko aukera izango da. Doako txartela da, eta, gainera, interesik gabe ordaintzeko aukera ematen du hiru hilabetean.