Ekida egitasmo sozialistak Agirretarren bandera antzezlana taularatuko du etzi, 19:30ean hasita, Modelo aretoan, eta doako sarrera izango du. Oskorriren abesti ezagunetik hartu dute mailegutzan izenburua, eta sortzaileen esanetan, "gure garaiari buruzko obra bat da, porrotaren eta krisiaren garaia oholtzara eramana".
Ekainean estreinatu zuten Azpeitiko Soreasu antzokian, ia urtebetez sortzen aritu ondoren, eta arrakasta itzela izan zuen lehen emanaldi hark. Euskal Herriko hainbat tokitan izan ondoren, orain herrian eskainiko dute. Eñaut Zubizarreta Trigger-ek jarri dio musika antzezlanari, eta Naiara Azpilkueta, Ane Biain, Aratz Fernandez de Pinedo, Onintze Goitiz, Maialen Malles, Ainhoa Mariaezkurrena, Lurdes Ondaro, Ibon Guerra, Paul Beitia eta Mikel Izurieta aritu dira zuzendari, teknikari gidoigile eta antzezle lanetan.
Antzezlanaren sinopsia ondorengoa da: "Agirretarrak edonortarrak dira, gure garaiko jendea. Eugenio Agirre Alvarezen alabak eta bilobak, bost kideko langile-familia bat. Eugenio hil egin da eta bere bilobei oinordetzan utzi die leku bat munduan: bere apartamentua. Hara joango dira gazteak bizitzera. Apartamentu horretan osatuko dira hiru gazteren kezka prekarioak eta ametsak, beste apartamentu batean gorpuztuko dira hutsuneak eta bi amaren ametsak. Baina egonkorra zirudienak ez du irauten. Zer hautatu dezakete? Norentzat dira dauzkaten ametsak?"