Zabalik dago Gizarte Zerbitzuetako dirulaguntzak eskatzeko epea

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 21a, 17:00

Guztira, 245.000 euro bideratuko dituzte laguntzetara, eta eskariak uztailaren 15a bitartean egin daitezke.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak dirulaguntzak eskatzeko deialdia zabaldu berri du. Guztira, 245.000 euro bideratu ditu, hiru laguntza lerroetan banatuta: Hegoaldeko herrialde pobretuetan garapen proiektuetara, gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako eta gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako, alegia.

Hegoaldeko herrialde pobretuetan garapen proiektuetara 200.000 euro zuzenduko dute, eta proiektuko gehienez 18.000 euro jasoko dute. Bazterkeria kausen aurka borrokatzeko eta giza garapen iraunkorra eta bidezkoa sustatzeko kooperazio-proiektuak eta garapen politiko, sozial eta ekonomikoa bultzatuko duten prozesuak eta proiektuak lagunduko dira.

Bigarren laguntza lerroari dagokionez, sentsibilizazioa indartuko duten ekintzak lagundu nahi ditu. Hor sartzen dira kontzientzia kritikoa sortzeko Zarauzko gizarte osoari zuzendutako ekintzak. Horretarako 9.000 euro bideratuko ditu udalak, 2.500 euro gehienez proiektuko.

Azkenik, gizarte zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten elkarteentzako 36.000 euro zuzenduko dituzte; proiektu bakoitzarentzat gehienez ere 2.500 euro. Alde batetik, Gizarte Zerbitzuen arloko jarduerak egiten dituzten erakunde sozialei norgehiagoka prozeduraren bidez emango zaizkien dirulaguntzak. Bestetik, elkarteen funtzionamendurako eta elkartearen jardueraren xede diren kolektiboei zuzendutako programa edota zerbitzuak garatzeko emango dira dirulaguntzak.

Eskaerak elektronikoki eskatu daitezke udalaren webgunearen bitartez, edota presentzialki HAZ Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoan erregistratuta. Eskaerak egiteko epea datorren uztailaren 18an bukatuko da. Deialdiaren inguruko informazio gehigarria udalaren webguneko Deialdiak atalean aurki daiteke.