'Mari' eta 'Basajaun' erraldoitxoak kaleratu ditu udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 22a, 09:00
Erraldoitxoen aurkezpen agerraldia egin zuten atzo Kale Nagusian. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko gomazko erraldoitxoen konpartsa osatuta geratu da azken bi figurekin. Dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan, pieza bakoitza 15 euroan.

San Pelaio jaien atarian, Mari eta Basajaun erraldoi handiak Kale Nagusira aterata, eta herritarren baina batez ere haurren ikusmin artean, aurkeztu zituzten atzo arratsaldean aipatu bi figuren gomazko erreplikak. Gisa horretan, Zarauzko erraldoitxoen konpartsa osatuta geratzen dela nabarmendu zuen Xabier Txurruka alkateak. Izan ere, 2018an ekin zion udalak ekimenari, Arpoilaria eta Baserritarra figurekin, eta bi urte geroago, Pepe Txabillo zarauztarraren omenezkoa aurkeztu zuen.

Aurrekoak bezalaxe, berriak egiteaz ere Ruben Platero nafarra arduratu da. Alkatearen esanetan, "artista erraldoia" da Platero, makina bat gomazko konpartsaren egilea delako; besteak beste, Donostiakoa eta Iruñeakoa. "Oso ezaguna da txikien artean. Zarauzko haur guztiek badakite nor den bera", nabarmendu du Txurrukak.

"Oso eskertuta nago Zarauzko herriari beste behin nigan jo duzuelako zeregin honetarako. Espero dut guztien gustukoa izatea, eta jaiekin goza dezazuela, baita erraldoiekin ere!", adierazi zuen Platerok. Jarraian, egile nafarrak urre koloreko gomazko Mari eta Basajaun erraldoitxoak oparitu zizkien Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkarteari; Jose Manuel Olazabal Paxo-k eta Miguel Taboadak jaso zuten taldearen izenean.

 Zarauzko erraldoitxoen konpartsa osoa salgai dago jada Turismo Bulegoan, baina bereziki Mari eta Basajaun figuren 400 ale enkargatu dituzte. Pieza bakoitza 15 eurotan salduko dute, konpartsako gainera figuratxoak bezalaxe.