Mantxik urriaren 9an ekingo dio Bertsolari Txapelketa Nagusiari

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 22a, 19:00
IƱigo Mantzizidor 'Mantxi' eta Uxue Alkorta. (Aritz Mutiozabal)

Lehen faseko azken saioan ariko da, Lizarrako Los Llanos aretoan. Bihartik aurrera jarriko dituzte salgai txapelketako saio guztietako sarrerak.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gaur jakinarazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiak irailaren 24tik abenduaren 18a bitartean antolatu dituen hamalau saioko egutegia, baita saio bakoitzean zein bertsolari ariko den ere. Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarra lehenengo faseko azken saioan izango da, urriaren 9an, Lizarran (Nafarroa).

Mantxirekin batera, ondorengo bost bertsolariek partekatuko dute Los Llanos aretoko oholtza: Aitor Bizkarra, Gorka Pagonabarraga, Imanol Uria, Maialen Akizu eta Unai Gaztelumendik. Lehen fasean 36 bertsolarik hartuko dute parte, eta haietako hemeretzi pasatuko dira finalaurrekoetara. Finalaurrekoak bi itzulitara jokatuko dira, eta fase horretan ekingo diote txapelketria Unai Agirrek, Amets Arzallusek, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik eta Aior Mendiluzek.

Bihar jarriko dituzte salgai saio guztietako sarrerak www.bertsosarrerak.eus web orrian.