San Pelaio jaiak

Eli Salegi: "Giro jatorra izaten da San Pelaio jaietan, eta gustura egiten da lan"

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 24a, 10:15
Ezkerretik hasita bigarrena da Eli Salegi, Zurekineko kideekin batera, Salegi tabernan. (Aritz Mutiozabal)

San Pelaio Makila Zurekin Ostalari Elkarteari eskainiko diote aurten, "haien laguntza eta babesa eskertzeko". Elkartearen izenean, elkarteko batzordekide Eli Salegik (Zarautz, 1968) jasoko du makila.

Zurekinek jasoko du aurten makila. Nola jaso duzue berria?
Oso gustura jaso dugu berria. Guretzat oso hunkigarria izan da benetan. Ezusteko atsegina izan da, ez baikenuen inolaz ere espero. Esan zigutenean elkarteko kide guztiok asko poztu ginen.

Bitxia da, ostalariok jaien beste aldean egoten zaretelako.
Hala da, baina haiek ikusi dute ostalariok oso une latzak bizi izan ditugula azken urteotan, eta horregatik aukeratu gaituzte. Jaietan lan egitea tokatuko zaigu, baina jaien hasieran bertan izango gara makila jasotzeko.

Pandemiaren eraginez, bi urte zail izan dira.
Oso-oso zailak izan dira, eta oraindik ere burua altxatu nahian gabiltza. Zentzu horretan, aurtengo sanpelaioak ezberdinak izango direla pentsatzen dugu. Jendea gogotsu ikusten da jaien atarian, eta gu gustura gaude giro horren aurrean.

Jaiak barraren atzealdean edo sukaldean ospatzea tokatzen zaizue. Zuentzat, ostalariontzat, zer dira sanpelaioak?
Lana, lana eta lana. Baina gustura egiten da, herriko festak direlako, herriko jendearekin egiten duzulako eta jendea gustura ibiltzen delako. Giro jatorra izaten da sanpelaioetan.

Zurekin elkartearen izenean zuk jasoko duzu makila.
Hala da, bai. Ni naiz batzordeko emakume bakarra, eta hala erabaki zen. Bide batez, emakume ostalariei deialdia egin nahi diet Zurekineko batzordean sar daitezen, horrela indar gehiago egin dezagun.

Gero eta gutxiago falta da egun handirako, urduritzen hasi al zara?
Ez nago batere urduri. Aitzitik, gustura sentitzen naiz. Gainera, batzordeko kideak nirekin izango dira ekitaldian, elkarrekin egongo gara, nahiz eta makila nik jasoko dudan.

Aukerarik izan al duzu azkenaldian  jaien hasiera bizitzeko?
Ni urtero joaten naiz. Taberna udaletxetik gertu, Barren plazan dudanez, 00:00ak baino pixka bat lehenago joaten naiz. Nik ezin dut momentu hori galdu. Etxea ere han parean dut, eta ahal badut igo egiten naiz.

Eta ereserkia kantatzen duzu?
Abesti osoa abestu behar da.

Zer espero duzu aurtengo sanpelaioetan?
Giro ona izatea nagusi, jendea gustura ibiltzea eta erasorik ez egotea.