Zumaian jokatuko dira KAE 1 eta ETE ligetako estropadak igandean

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 24a, 10:00
Gizonezkoen ontzia Pasaiako estropadan. Argazkia: Josu Zelaiaran

ETE eta KAE 1 ligako estropadak jokatuko dira igande eguerdian Zumaian. 

Pasa den asteburuan eman zitzaion hasiera 2022ko traineru denboraldiari. Pasaiako badian jokatu ziren ETE eta KAE 1 ligako lehen jardunaldiak, eta datorren asteburu honetan Donibane Lohizunen eta Zumaian izango dira estropadak. 

ETE ligan ari diren emakumeek bi estropada izango dituzte jokatzeko. Larunbatean, Donibane Lohizune Ziburuko V. Ikurriña izango da jokoan. 16:30etik aurrera izango dira lehian ETE ligan parte hartzen ari diren bederatzi ontziak. Hurrengo egunean, igandean, Zumaian jokatuko da ligako estropada. Zumaiako V. Ikurriñan neurtuko dira ligako ontziak, 11:40etik aurrera. 

Gizonezkoei dagokionez, Zumaian jokatuko da igandean KAE-1 ligako bigarren jardunaldia, Zumaiako XXXVII. Ikurriña, hain zuzen. 12:15ean abiatuko dira lehen txandan arituko diren lau ontziak. 

Pasa den asteburuan jokatu ziren bi ligetako lehen jardunaldiak, eta Zarauzko gizonezkoen ontzia bosgarren izan zen Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia XXII. Ikurriñan, eta seigarren emakumezkoen trainerua Hernaniko I. Banderan.