Oihal, soka eta ziri artera itzulita, eroso

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 27a, 09:50
IƱigo Garcia eta Ibon Elorza toldozainak. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko toldozainak hondartzako edukiera kontrolatzen aritu ziren pandemia garaian, eta gustura itzuli dira betiko lanera. Gehienak oso zailduak dira beren lanean.

Itzuli dira, berriz ere, Ibon Elorza eta Iñigo Garcia toldozain zarauztarrak beren betiko lanera. Ekainaren 15az geroztik martxan da toldoen zerbitzua Zarautzen, eta azken bi udetan pandemia dela-eta hartu gabeko itxura du hondartzak gaur egun. 2019ko irail erdialdean, toldoak azkenekoz jaso zituztenean, inork ez zuen usteko horrenbeste denbora pasatuko zenik berriz ere hondartza oihal zuri-berdez eta zuri-urdinez jantzita ikusi arte. Guztira, seiehun toldo jartzeko baimena daukate, nahiz eta “apur bat gutxiago” dituzten jarrita.

Garcia eta Elorzaren ardurapean, hainbat herritar gaztek egin ohi dute udan toldozain lana, baina azken bi urteetan hondartzako edukiera kontrolatzen aritu dira, koronabirusa ez hedatzeko hartutako neurriak tarteko. Horregatik, bi toldozainak pozik daude betiko lanera itzulita. Aurreko bi udetan “polizia lanak” egin behar izan zituzten, Garciaren arabera, eta ez dute gogo handirik esperientzia errepikatzeko. “Fisikoki nekagarriagoa da gure oraingo lana, toldozain lana, baina, mentalki, edukiera kontrolatzea baino hobeto eramaten da”, dio Elorzak.

Toldozainak 07:30erako hasten dira aurreko egunetik itxita lagatako toldoak zabaltzen, banaka-banaka, 09:00etarako guztiak irekita egon daitezen. Egunean zehar bezeroak artatzen dituzte, toldo guztiak txukun daudela zaintzen dute, eta, gero, marearen gorabeheren arabera, toldoak itxi, jaso, eta berriro zabaldu egiten dituzte. 19:30 aldera ixten hasten dira berriz, hurrengo egunerako prest egon daitezen.

Marea igotzen denean, olatuek, malekoiko horma jo, eta hondarrik apenas geratzen den Zarauzko hondartzaren zati handi batean. Halakoetan, toldoko oihala zutoinaren goialdean lotuta mantendu behar izaten dute ura atzera berriz ere jaitsi arte. Marea biziak daudenean, berriz, zutoina hondorago sartzen dute, eta oihalak, ziriak eta toldoekin batera egon ohi diren aulki eta bankuak malekoira igotzen dituzte. Enbata datorrenean, adi eta bizi ibili behar izaten dute. Teknologia berriek horretan asko lagundu diete, hala ere. “Lehen inork ez zizun esaten enbata Zarautzera zer ordutan iritsiko zen, eta adi-adi egon behar izaten zuten orduko toldozainek”, esan du Elorzak.

Bilakaera erabileran

Hogei urte daramatza Garciak toldozain, eta hamabost Elorzak. Denbora horretan, toldoen erabileran hainbat aldaketa sumatu dituzte biek ala biek. “Lehen, beraneatu egiten zen hemen: jendea hiru hilabeterako etortzen zen Zarautzera. Orain, ohiturak aldatu egin dira, eta jendeak hamabost egun hartzen ditu udan, beste hamabost Gabonetan…”. Toldoak, lehen, “turisten begikoak” zirela esan dute biek, baina, Garciaren arabera, gaur egun, erabiltzaileen %90 herritarrak izaten dira. Elorzak gaineratu du “ume txikiekin joaten diren gazteak” edota “toldoa kuadrillan hartzera animatzen direnak” izaten dituztela bezero.

Azken bi urte “nahasiek” ere erasan diete toldozainei. “Bi urte hauen ondoren zenbait herritar heldu falta dira, beti toldoa hartu izan dutenak. Hutsune batzuk badaude, bi urte asko dira eta”, dio Garciak. Beste hainbat lekutan pandemiagatik toldoak kendu zituzten, eta ez dituzte berriro jarri. Negozioaren jaitsiera nabaritu dute Zarauzko toldozainek ere. “Baina, tira, oraingoz, ea honi eusten diogun; urtez urte jendeak ohitura zaharrak berreskuratuko dituen esperantza daukagu”, esan du Garciak.

Zenbaiten ohiturak ez dira aldatzen, ordea. Zarauztar askok urtero toldo bera nahi izaten dute, eta gordetzeko eskatzen diete toldozainei. Normalean, eskutitz bat bidaltzen diete erabiltzaileei, toldoarekin jarraitzeko asmotan dabiltzan galdetzeko. Batzuek esaten diete ez kentzeko inondik inora, “beren ohiturak eta lekuak finkatuak izaten baitituzte”. Izan ere, udaldi osorako aloka daitezke, beste hainbat aukeraren artean.

“Gaztetxoekin” borrokan

“Marmarti” fama daukatela esan du Garciak, “borroka batzuk” eduki ohi dituztelako, “gaztetxoenekin, batez ere. Toldoak telazkoak dira; orduan, tiratuz gero, puskatu egiten dira. Makilatik tira egiten badiote, soltatu egiten dira, eta, berriro ere tiraz gero, puskatu”. Garciak ulertzen du gaztetxoek jolastu egin nahi izaten dutela. “Baina hor material bat dago, bere prezioa eta balioa dituena, eta guk zaindu egin behar dugu. Marmarti fama badaukagu, baina ez gara horren gaiztoak”, ondorioztatu du, barrez, Garciak.

Toldo bakoitzak bere bankua eta aulkia eduki ohi ditu, eta bezeroa iristen denean hari dagozkionak hor egon daitezen nahi izaten dute. “Eta hori guztia kontrolatzea ez da batere erraza izaten”, azaldu du Elorzak.