Hasi dira Zarautzen garbigune berria eraikitzen, Urola Kostako Udal Elkarteak Urdaneta kalean duen egoitzaren alboan; egungo garbiguneagandik oso gertu. UKUEk jakinarazi duenez, 3.265 metro koadro izango ditu guztira, eta mankomunitateak finantzatuko du osorik, horretara 1.798.144,33 euro bideratuta.
Azpiegitura berria eraikitzeko "ezinbestekoa" izan da eskualdeko erakunde publiko guztien elkarlana, UKUEk ohar bidez azaldu duenez. Garbigune berria eraikitzeko finantzaketa Udal Elkarteko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten bi alderdien (EAJ eta EH Bildu) oniritziarekin onartu izana azpimarratzekoa da UKUEren arabera, baita Zarauzko Udalak garbigunea eraikitzeko Abendañoko partzela laga izana ere. "Gure eskualdearentzat proiektu hain estrategikoa denez, bereziki zaindu nahi izan dugu adostasunetik eta elkarlanean garatzea egitasmoa" azaldu du Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak. Eskerrak eman nahi izan dizkie erakundeetako ordezkari guztiei, bereziki, Xabier Txurruka Zarauzko alkateari, lursaila uztea "funtsezkoa" izan delako proiektua garatzeko.
Txurrukak adierazi du garbiguneak garrantzi handia duela Zarautzentzat, "eta horregatik hartu dugu instalakuntza berria eraikitzeko beharrezkoak ziren lurren lagapena egiteko erabakia. Zarauzko garbigunearen zabalkuntza Zarautz 2030 Plan Estrategikoarekin eta jasangarritasunarekin guztiz lerrokatuta dago, eta eskualdean sortzen diren hondakinak modu eraginkor eta errazagoan kudeatzen lagunduko dio udal elkarteari", gaineratu du alkateak.
Ezinbesteko azpiegitura
Mankomunitatearen arabera, hondakinen kudeaketako araudi berrietara egokituko da eskualdeko bilketa, garbigune berriarekin. "Ekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia" egin da erakundearen arabera, besteak beste, "gailu elektronikoak berrerabiltzea modu aktiboan" bultzatuko baita. Salsamendiren iritziz, "Urola Kosta garbi, ekologiko eta jasangarria lortzeko bidean, eskualdearen garapenerako ezinbesteko azpiegitura" da garbigunea, eta "lanpostu berriak sustatzeko baliagarria" izango dela ere gaineratu du.
Mankomunitateak hiru garbigune kudeatzen ditu: Zarauzkoa, Zumaiakoa eta Aia-Oriokoa. Erabilera eta kudeaketa beharrak azken urteetan asko aldatu direla eta, "ukaezina" da eraikin handiago baten beharra, Zarauzko garbigunea baita "eskualdeko txikiena eta, era berean, hondakin gehien jasotzen dituena".
2020ko eta 2021eko datuei erreparatuz gero, hiru garbiguneetan, guztira, 2.965 (2020an) eta
3.164 tona (2021ean) hondakin kudeatu ziren. Eta portzentajerik handiena, nabarmen; Zarautzen
kudeatzen da: urteroko kopuru osoaren ia erdia (%49). Erabiltzaileei dagokienean ere, Aia-Orioko eta Zumaiako garbiguneak erabiltzen dituztenak bezainbeste dira Zarauzko erabiltzaileak. Egungo azpiegituren azalerak, ordea, ez dira proportzio berekoak: Zarauzkoaren azalera 1.082 metro koadrokoa da, Aia-Oriokoa 1.647 metro koadrokoa, eta Zumaiakoarena 1.845,5 metro koadrokoa.
Bi urteko lanak, hiru fasetan
Aste honetan bertan hasi dira lursaila egokitzeko lanekin, eta lanek bi urte iraungo dutela aurreikusi du UKUEk. Obra hiru fasetan egingo da: lehenik, garbigune berria eraikiko dute; gero, garbigune zaharra eraitsiko dute eta, azkenik, eraitsitako eremua urbanizatuko dute –aparkaleku berriak sortuko dituzte eta oinezkoentzako sarbide berria egokituko dute aparkalekutik La Salle ikastetxeraino–. Hala, garbigune berria 2023ko uztailerako prest egotea aurreikusi dute.
Azpiegitura berriak, guztira, 3.265 metro koadroko azalera izango du. 1.538 metro koadroko espazio irekia izango du beheko plataforman, gaikako bilketarako hamabost edukiontziak kokatzeko. Goiko plataforman, ibilgailuak igotzeko arrapalaren ondoan jarriko dute kontrol etxola, baita hondakinak pisatzeko baskula nagusia ere. Etxolaren ondoan, 120 metro koadroko estalpea egingo dute, eta goiko plataformaren azpian, berriz, 305 metro koadroko gunea. Mankomunitatearen asmoa da etorkizunean herritarrei bideratutako "hondakinen berrerabilgunea" martxan jartzea bertan.