Amonatxoaren ideia zartatzen

Olaia L. Garaialde-'Berria' 2022ko eka. 28a, 11:00

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; 'Berria' egunkariak gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile; tartean, Itziar Aizpuru Zarauzko bizilagun den getariarra. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.

Bi emakume zahar parez pare, belardi batean etzanda. Elkarri begira daude; gero eta hurbilago, musu emateko zorian. 80 egunean filmeko Axun eta Maite dira. Modu askotara irudikatu daitezke zaharrak eta zahartzaroa fikzioan, eta eszena hori ikus-entzunezko ekoizpenen lagin txiki bat da. Zenbait aktorek eta zinemagilek irudikapen horiei buruzko gogoeta egin dute Berria egunkariarentzat.

Itziar Aizpuru aktorea (Getaria, Gipuzkoa, 1939) da Axun, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean filmean: "Axun andre normala da, bizi osoa eman du baserrian senarrarekin, eta ez dago besterik: senarrari jatekoa prestatu, etxeko lanak egin. Mundu txiki horretan josita zegoen". Txikitako lagun batekin topo egingo du, eta mundu berri bat irekiko zaio. "Maitek estudiatu egin du, munduan ibili da, lesbiana da; horrek gauzak aldatzen ditu".

Bi emakume zaharren maitasun istorioa kontatzen du film horrek. Eta, hain zuzen, Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko irakasleak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) nabarmendu du orain arte nagusi izan direnez bestelako ereduak sortzen ari direla fikzioan: Horregatik, 80 egunean pelikularen ekarpena txalotu du adituak: "Halako gutxi daude gurean, eta munduan ere bai, esanen nuke". Dioenez, bestelako iruditeriak sortzea du helburu: "Ez dira gazteak, ez da edertasun sexual baten irudikapena bilatzen; bestelako errepresentazio bat eta istorio batzuk bilatzen dira".

Autoritatea

Fresnedaren arabera, zahartzaroaren eta zaharren inguruko iruditeria berriak sortu arren, batzuetan aspaldiko estereotipoetara jotzeko joera dago: "Zaindu beharreko pertsona moduan irudikatzen dira; estigmatizatuak, balio gutxikoak izango balira bezala batzuetan, eta idealizatuak egoten dira besteetan, amama edo aitita izateagatik".

Bat dator Aizpuru horrekin: "Egin ditudan azkeneko pertsonaiek alzheimerra edo horrelako gaixotasunak zituzten, edo zahar etxe batean zeuden. Eta, normala den bezala, andre zaharrak ziren". Adibide gisa Mateoren ama film laburra (Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, 2019) aipatu du. Mari Tere izeneko pertsona baten rola jokatzen du film laburrean: zahar etxe batean dagoen emakume bat da, alzheimerra dauka, eta semea ez du ezagutzen. Bestelako pertsonaiak egitea gustatuko litzaioke. "Autoritatea duen emakume adindu bat egin nahiko nuke, adoretsua".

Jarraitu Berria.eus-en erreportajea irakurtzen.