Izena eman daiteke Emakumezkoen 14. Pala Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 29a, 11:00

Uztailaren 12an hasiko dira partidak jokatzen eta final nagusia uztailaren 21ean izango da.

Emakumezkoen 14. Pala Txapelketa Herrikoian izena emateko epea zabalik dago, eta bertan parte hartzeko asmoa duten bikoteek uztailaren 8ra arte izango dute horretarako aukera. Zarautz Kirol Elkarteko Pilota atalak beste urte batez antolatu du kirol ekitaldia, eta uztaileko bigarren hamabostaldian jokatuko dute txapelketaren dinamika osoa. Azken bi urteren ostean, beste behin ere Frontoi Txiki izango dute kantxa; pandemia garaian Aritzbatalden aritu ziren lehian. 

Uztailaren 12an emango diote hasiera lehiaketari, lehendabiziko partidekin. Hurrengo hitzorduak hilaren 14an eta 19an izango dira. Elkarren aurkako partidak jokatu eta kanporaketak gainditu ondoren, bikote onenak zehaztuta geratuko dira, eta horiek hilaren 21ean jokatuko dituzte finalak; hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketak ere bai. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzea herrikoia izango da, eta  txapelketan gehienez ere hamabi bikotek hartu ahal izango dute parte. Palaz jokatuko dira partidak, tenis modalitateko pilotarekin, eta 30 tantora izango dira norgehiagokak. 

Izena eman nahi dutenek edo informazio gehiago eskuratzeko ondorengo telefono zenbakietara deitu daiteke: 943-83 14 63 edo 670 89 03 05 (Maite) . «Ez geratu etxean, anima zaitez txapelketan parte hatzera eta ondo pasatzera!», mezua helarazi dute ZKEko Pilota ataletik.

Iaz Yolanda Mateosek eta Ainhoa Lankuntzak irabazi zuten Emakumezkoen Pala Txapelketa. Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak osatutako bikoa hartu zuten mendean 30-19ko emaitzarekin.