Alkoholismoari buruzko hitzaldia antolatu du Hondartza taldeak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 29a, 14:00

Hondartza Alkoholiko Anonimoen taldeak 59 urte bete ditu orain gutxi, eta hori ospatzeko, alkoholismoaren hainbat ertz landuko dituen mahai ingurua antolatu dute.

Etzi izango da hitzordua, 18:00etan, Modelo aretoan. Felix Zubia medikua, Alkoholiko Anonimoetako kideak eta horien senideak ariko dira hizlari lanetan eta, besteak beste, bertaratzen direnei azalduko diete "osasun publikoaren arazo garrantzitsua" direla alkoholismoa eta haren ondorioak.

Gaian interesa dutenak bertaratu daitezke hitzaldira, eta Hondartza taldekoek gogorarazi dute beren ateak zabalik daudela behar duten guztientzat.