Halterofiliako Zarautz Saria izango da jokoan larunbatean

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 30a, 09:00

Malekoian jokatuko dute 15:30ean hasita, eta guztira Zarauzko eta Burgosko 34 pultsolarik hartuko dute parte.

Halterofiliako Nazioarteko Zarautz Saria jokatuko dute larunbat arratsaldean malekoian, Lecera kafetegiaren eta sorospen zerbitzukoen lokalaren arteko zabalgunean. Guztira, 34 kirolari ariko dira nor baino nor lehian; horietatik 30 ZKE Halterofilia taldekoak izango dira, eta lau Burgosko klubekoak.

Txapelketa hiru txandatan banatuta egongo da, eta txanda eta txanda artean, ZKE Halterofilia eskolako kideek teknika erakustaldia egingo dute.  Lehen txandan, 15:30etik 16:30era, 17 urte azpikoak ariko dira; bigarrenean, 17:00etatik 18:00etara, gizonezkoak; eta hirugarrenean, 18:30etik 19:30era, emakumezkoak.

Txapelketa bukatu bezain pronto egingo dute sari banaketa ekitaldia. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 19:30-20:00 inguruan izango da.