Aire zabaleko pintura lehiaketa izango da igandean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 30a, 12:00

Artezaleak elkarteak antolatuta, 57. aldiz egingo dute igandean Aire Zabaleko Pintura Azkarra lehiaketa, Julian Ugarteren oroimenez.

Egunean bertan eman beharko da izena, 08:15etik 10:00etara, eta lanak norberak eramandako astoan aurkeztu beharko dira egunean bertan, sinatu gabe, 13:00ak eta 13:30 bitartean, Lege Zaharren enparantzan. Margolanak kalean sortu beharko dira, eta Zarauzko Alde Zaharra izango da gaia. 


Edozein adinetako margolariek parte hartu ahalko dute, eta sari nagusiez gain, gazteei (12-16 urte bitartekoei) eta haurrei (8-11 urte bitartekoei) bideratutako sariak ere banatuko dituzte. Sari banaketa 14:00etan hasiko da, Merkatu plazako erakusketa aretoan. Irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu; bigarren saria ateratzen duenak 800; hirugarrenak 500; eta lehen zarauztarrak 300.